KRITIKA. Antzerkia

Asilo eskaera

Zanguango konpainiaren Cualquiera que nos viera obra. ZANGUANGO TEATRO.
Agus Perez.
2017ko apirilaren 18a
00:00
Entzun

Topaklown

Konpainiak: Zanguango, Juancallate, Fanny Giraud. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Egunak: Apirilaren 13a, 14a eta 15a.

Aste Santuan Bilbon antolatzen dituzten prozesioetatik ihes egin nahian Durangoko San Agustin aretoan eskatu dut asiloa, nazional-katolizismo hilezinaren errefuxiatu gisa. Hango Topaklown jardunaldiek bost urte bete dituzte aurten, eta, bertako zein kanpoko pailazo eta konpainia asko batzeaz gain, hamar bat ikuskizun eman dituzte herriko kaleetan eta antzokian. Ganso & Cia konpainia bizkaitarraren Kaput bikainak zabaldu zuen egitaraua —orriotan komentatu genuen orain gutxi— eta beste lan batzuk aipatuko ditut jarraian.

Araban errotua den Zanguango konpainiaren Cualquiera que nos viera izeneko proposamena formatu handiko obratzat har daiteke bai testuaren dentsitateagatik bai eremu eszenikoaren planteamenduagatik. Irakurle finek gogoratuko zutenez, Aquí va a pasar algo ahaztezin hura aurkeztu zuten 2012ko dFerian, eta orain Txubio Fdez. de Jauregi monumentala eta haren parekoa den Miguel Garces antzerki fisiko eta absurdoaren ildo beretik itzuli dira, Miguel Muñoz valentziarraren zuzendaritzapean.

Oraingo bi izaki deserrotuak gimnasio abandonatu batean bizi dira, kalera inoiz irten gabe, errealitatearen beldur eta itxierak ekartzen dien ezinbesteko desitxuraketan murgilduta. Gure munduko egoera izugarriaren parabola ezin hobeto irudikatu da bi gizagaixo horien bidez: kanpora irtetearen beldur, beti gai berberei bueltaka, goseak jota, itxurazko espero hutsalek elikatuta, elkarrekin bizitzera kondenatuta. Bietariko batek dioena besteak errepikatuko du denbora garrenean, eta bietariko inor ez da konturatuko ideia eta esaldi berberak direla, hain da itxia eta idorra bizi duten trantzea... Euren aurreko lanetan bezala barreak egin ditugu, sano egin ere, bien fisikotasun landuari eta dialogoen kalitateari esker, baina geure baitan bagenekien egiazko abaguneak izan zitezkeela, eta —batek daki— agian geure bizitzaren metafora ere badirela.

Hurrengo egunean Mr. Kebab ikuskizuna etorri zen Kataluniatik, eta Joan Estrader mago-pailazoak irudimen eta prestakuntza itzela baliatu ditu magiaren arloko betiko trukuak eta teknikak barregarri uzteko eta, batez ere, ikusleen adimenarekin lagunarteko giro hurbilean jolasteko. Bide horretatik, mentalismoa, karta asmatzeak eta prestidigitazioa baliatu ditu, eta harreman ezin hobea ezarri du ikusleekin, hitz joko irudimentsuak lagun eta eszenako objektu txatxu bakoitzari esangura literal dibertigarria emanez.

Larunbatean Fanny Giraudek Juntos izeneko lana ekarri zuen Frantziatik. Izaera intimoko pieza honetan festa baten prestaketan dihardu pertsonaia xalo batek, eta bere barruko emozioak dira emanaldiaren benetako protagonista. Antzezle eta pailazo teknika guztien jabe izanik, Giraudek bere presentzia hutsarekin bete zuen eszena gaineko egitura zirkularra, argi gutxi batzuetan bilduta eta elementu eszeniko apalak erabiliz. Erdialdean izandako dantza pasarte laburrak are dentsitate handiagoa eman zion berez polita eta borobila zen emanaldiari, eta publikoarekin ezarri zuen harremanak berretsi egin zidan nire asilo eskaeraren egokitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.