Zinema
'Hereafter'
Zuzendaria: Clint Eastwood. Gidoilaria: Peter Morgan. Aktoreak: Cecile de France, Thierry Neuvic, Cindy Mayo Davis, Lisa Griffiths. Herrialdea: AEB. Iraupena: 129 minutu.
Akzio zuzendari guztiak lotsagorriarazi ditu Clint Eastwoodek film berriaren hasierarekin. Maisutasun osoz, tsunami baten kronika bikaina egin du lehen hamar minutu horietan. Asiako kostaldea astindu du hondamendiak, bertako zein turisten begirada harrituaren, beldurraren eta etsipenaren aurrean. Tentsioa modu ezin hobea dosifikatuz, olatu erraldoiaren astindua aspaldi honetako hasierarik indartsuenen artean dago.
Zoritxarrez, hamaikagarren minutuan amaituko da Hereafter-ek emateko duen guztia. Hortik aurrera, zuzendari beteranoaren bertsiorik makurrena ikusiko dugu. Genero berrian saiatu nahi izan du Eastwoodek, baina ez du asmatu bere proposamena definitzen; ez da thriller fantastikoa, ez da heriotzaren gaineko drama, ez da istorio gurutzatuen pelikula. Zehazgabetasun horretan, tsunamia pasatu bezain pronto filmak inorako norabidea hartuko du.
Ez da soilik genero kontua, Eastwood bere ingurune naturaletik atera da. Iñarrituk Babel-en egin zuen legez, hainbat tokitan geratzen den mosaikoa osatu nahi izan du: San Frantzisko, Londres eta Paris. Baina bere zinema ez da Woody Allenaren modukoa, zeina hala edo nola moldatzen den tokian tokiko egoeretara. Zailago, ia ezinezko du Eastwoodek, zinema ulertzeko duen modua oso errotuta baitago bere sorterrian. Ez da soilik kontu geografikoa, artistikoa da, antropologikoa ia-ia. Zinemagileak bere onena ematen du oso estatubatuarrak diren gaiak bereganatzen dituenean: jazza, boxeoa, westerna...
Hiru istorioak modu guztiz independentean garatu ditu, elkar harremanik gabe, harik eta oso modu traketsean denak intersekzio bakarrean jarri dituen arte. Pertsonaiek bat egiten duten momentua film hits baten unerik tristeena da. Errematea, guztiz sobera zegoen amaiera ezti baten bitartez etortzen da.
Heriotzari begira jarri da Eastwood, baina oso azaletik egin du, batere sakontzeko asmorik gabe. Gaia ikusita pentsatzekoa zen zinemagilearen requiem moduko bat izaten ahal zela, baina, ez; zorionez, badaezpadako agur handia Gran Torino-rekin egin zuen.
Filma amaituta, Steven Spielberg ekoizle lanetan aritu dela ikusiko dugu. Hori ikusirik, bi galdera sortuko zaizkio zinema aretotik ateratzen den ikusle zapuztuari: hasierako hamar minutu txundigarri horiek Eastwoodek filmatuak al dira? Ez al zen askoz egokiagoa halako gaia duen pelikula Spielbergek berak zuzentzea?
Kritika
Azaleko heriotza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu