Musika. Sault 'Untitled (Black is)'

Belztasunaren garrasia

Diskoetxea: Forever Living Originals.

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Urtearen amaierarekin batera hasi dira aurtengo disko onenen zerrendak argitaratzen. Bada, BBC-ren sailkapenaren lehenengo postuan aurkitu dut Saulten hau: «Funtsean, The Specials, Gil Scott-Heron edo The Clash entzun zenituenean jasotako sentimendua da, betiko iraun duten erregistro klasiko horiek, energia politikoa dutenak, eta momentukoak direnak». Bada, halako laudorioak irakurri ostean, ikertzeari ekin nion, eta esaldi honek nire jakin-mina areagotu zuen: «Sault, planetako banda ezezagun hoberena». Horiek horrela, orriotara ekartzea erabaki dut, musika eta jarrera beltz garaikidearen ikur bihurtu baitira diskoa eta taldea, Black Lives Matter mugimenduari jarraiki.

Sault egitasmoa erabat anonimoa da, taldearekin lotutako zenbait kolaboratzaileren izenak azaleratzen ari diren arren. Britainia Handiko hiru musikarik osatzen omen dute proiektua, zeinak azken urte eta erdi eskasean hiru disko argitaratu dituen. Bai, hiru disko, zuzen irakurri duzu: 2019ko maiatzean plazaratu zuten lehenengoa, 5, post-punk kutsukoa; 2019ko irailean, 7, pop zaleagoa, eta 2020ko ekainaren 19an, AEBek esklabotza abolitu zuten egunean, Untitled (Black Is). «Izenbururik ez duen gure estreinako diskoa aurkeztu dugun une honetan gure bizitzengatik borrokatzen ari gara, pertsona beltzak edo beltz jatorrikoak baikara. Goian Bego George Floyd eta poliziaren basakeria eta arrazismo sistematikoa sufritu dutenak. Aldaketa gertatzen ari da... Horretan dihardugu».

Hartara, izenik gabeko obra sakon eta infinitu hau aldarri horren isla da, komunitate beltzaren askotariko erritmoak batzen dituena, betiere sustraiak gospelean tinko hondoratuta dituela. Funk, disco, soul, hip-hop, kraut eta post-punk estiloak hartu eta obra beltz aparta prestatu du hirukoteak hainbat musikariren laguntzaz. Kideak aztien antzera aritu dira soinuak nahasten. Doinuak, bestalde, minimalak eta zehatzak izanagatik ere, hainbat baliabiderekin eraikita daude, kolore beltzak hamaika tonalitate eder izango balitu bezala.Diskoaren harira irakurritako analogia hau egokia iruditu zait: «Tarteka, ematen du Can alemaniarrak ESG newyorktarrekin batu direla».

Musikarien identitateari dagokionez, gero eta informazio gehiago agertzen ari da; esaterako, diskoan ekoizlearen izena azaltzen da, Dean Josiah Cover, zeinak Danger Mouse ezagunarekin batera Michael Kiwanukaren azken bi diskoak ekoitzi dituen. Kiwanukak, hain justu, panafrikanismoan bustitako Bow kantuan parte hartu du, zeinetan afrobeat eta post-punk erritmoek bat egiten duten. Halaber, diskoan entzuten den emakumezko soul kutsuko ahots gozoa Cleo Solena omen da. Antza denez, Londresen finkatutako Forever Living Originals diskoetxeko hainbat artistak parte hartu dute diskoa baino, egoera politiko eta sozial batetik loratu den unibertso beltz aldarrikatzailea den lan honen oinarrian.

Rock De Lux existituko balitz, 2020ko atzerriko diskorik onena izendatuko luke, zalantza barik. A! nire harridurako, iruzkina amaitu eta ohartu naiz laugarren lan bat argitaratu dutela aurten, irailean, Untitled (Rise).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.