KRITIKA. Antzerkia

Besaulki bakar bat

Expediente K - Carta al padre antzezlanaren irudi bat. ERRIBERRIKO ANTZERKI JAIALDIA.
Agus Perez.
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun

'Expediente K- Carta al padre'

Testuak: Franz Kafka, Susanna Garcia-Preto. Zuzendaritza eta soinu-espazioa: Alex D. Capo. Eszenografia: Quim Roy. Argiak: Oriol Ibañez. Jantziak: Montse Figueras. Antzezlea: Dafnis Balduz. Lekua: Tafallako kulturgunea. Eguna: Abuztuak 1.

Erriberriko Antzerki Jaialdiaren azken larunbatean Expediente K - Carta al padre izeneko antzerki-proposamena ikusi dugu, Tafallako kultur gune handia egoki beteta zegoela, COVID-19aren inguruko neurriak gorabehera.

Vilanova i La Geltruko (Katalunia) kultur elkarte baten eta hango Antzoki Nagusiaren abaroan sortutako pieza honen izenburuak bi zatiren elkarketa iradokitzen du, eta emanaldian zehar ere bi munduren artean ibili da Dafnis Balduz antzezlea (Vilanova i La Geltru, 1983). Alde batetik, protagonistaren lan-kontuek psikofoniak grabatu eta ektoplasmak bilatzera eraman baitute, eta, bestetik, Franz Kafkaren Aitari gutuna-ren zatirik esanguratsuenak agertu baitizkigu tarteka.

Bakarrik agertu da antzezlea hasieratik, agertoki biluzian rokoko itxura zeukan besaulki bat besterik ez zegoelarik, eta handik irudikatu du Ariadna delako baten zain zegoela, gaztelu abandonatu bateko pasabideetan galduta. Bere bilaketa sasimetafisikoen bidetik, nazien garaiko kontu bitxi batzuk azaleratu dira, nahas-mahasean izan arren, hala nola Hitlerren balizko jatorri judua, haren seme judu bat existitzearen posibilitatea eta Terezingo (gaur egun Txekiar Errepublika) kontzentrazio-eremuaren kasua, han antolatu baitzuten naziek juduentzako opor-eremu idiliko baten parodia Gurutze Gorriaren inspekzioei izkin egiteko.

Kea izan da dena, ordea, ezertara ez zetozen ideia bilduma ustez erakargarria azken finean, publikoa erraz liluratu nahia agian, eta are gehiago Kafkaren Aitari gutuna saltsa-maltsa horretan tartekatuta. Izan ere, Kafka 1924an zendu zen, naziak boterera heldu baino ia hamar urte lehenago, eta egileak justaposizio soilaren bidez aurkeztu dizkigu testuak, ea ikusleek balizko harreman bat aurkitzen genuen haien artean.

Egia da finezia handiz gauzatu dela guztia, eta Karlos izeneko bakarlariak —hortik K txostena-ren izena— prestakuntza itzela erakutsi duela esandako planoen arteko jauzi ugarietan, argi diseinu zehatzaren laguntzaz. Egia da, era berean, orbangabeak izan direla deklamazioa, hiru pertsonaien barne-karakterizazioa—Karlos bera, Kafka eta haren aita eszena batean— eta emanaldiaren erritmo sostengatua. Baina azken finean, ezin izan dugu burutik kendu hau guztiau enkarguz egindako testu baten antzezpena izan dela. Antzezpen bikaina, zalantzarik ez, baina azken finean aktorearen luzimendurako eta ez beste ezertarako egina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.