'VideoStorias'.Askoren artean
Lekua: Gasteizko Artium museoa.
Noiz arte: irailaren 4ra arte.
Arte garaikidearen ezaugarrietako bat diziplina tradizionalen hausketa eta artearentzat teknika eta modu berriak bere egitea da. Hala, besteak beste, bideoaren agerpenarekin, 60ko hamarkadatik hona, artea egiteko modu eta mugimendu autonomoa bilakatu da, hots, bideoartea deritzona. Artiumek azken 40 urteetan Espainiako estatuan garatu diren bideoen gaineko erakusketa antolatu du, mostra interesekoa, bai erakusgai diren lanen aldetik, bai mostraren antolamenduaren berritasunagatik.
Erakusketa Espainiako sorkuntza bideografikoaren berrikusketa gisa planteatuta dago, aurreko hamarkadetan egindako berrikuspenen jarraipen legez; alde horretatik, ikuskera berri bat proposatzen duen azterketa historikoa da, nahiz eta egiaz, fokua sorkuntza garaikidean jartzen duen batez ere. Orotara 70 artistaren bideoak daude, gehienak emakumeenak, batez ere azken hamabost urteetan gauzatuak. Horiek denak lau ibilbide nagusiren arabera sailkatu dituzte antolatzaileek, ordena kronologikoak saihestu eta banaketa tematikoaren alde eginez, itxura bateko kaosaren barruan ordena jartzeko asmoz. Zoruan —eta eskuorrian— gauzatzen den mapa bisualari jarraituta, hiri bateko auzuneak balira bezala, aretoak elkar gurutzatzen eta banatzen diren lau lineako metro sare bat dirudienaz konektaturik daude, eta geltoki bakoitzean bideo bat dago, bidaiari legez dabilen bisitariak bertan geratu eta bideoa ikusteko aukera duelarik.
Tematikoki definituriko lineak dira —Tekneak, Hibridoak, Politikak eta Subjektuak—, eta horien arabera sailkatuta daude bideoak, ikuspuntu tekniko eta formalenetik politiko eta estetikoenera; halere, eta ibilbide bakoitzak bere azalpen eta legitimitatea izan arren, horiek ez dira hertsiak, izan ere, metro mapan transbordoak posible dira; gainera, azken aretoan —Azken geltokia—, bisitariak gura duen bideoa aukeratzeko abagunea du. Hala, erakusketaren izenburuak berak azpimarratzen duen ikuskera eta narratiba aniztasuna da nabarmentzekoa, bisitari bakoitzaren hautaketek eta bideo bakoitzaren gaineko irakurketek areagotzen dutena ezinbestean.
Bideoen artean denetarik aurki dezakegu; badira lan historiko edo erreferenteak, baina baita ezezagun eta esanguratsuak ere, eta zergatik ez esan, kaxkarrak ere bai. Lan asko dira, eta zaila da aukeraketa bat egitea, baina horien artean hurrengoak nabarmenduko nituzke: alde batetik, Tekneak deituriko ibilbide urdinean —kronologikoki bideoaren bilakaera teknikoa da erakutsi nahi dena—, irudi finkoarekin eta ikuspegi anitzekin jolasten den Sergio Pregoren Tetsuo Bound to Fail (1998) lan txundigarria dugu. Bestetik, diskurtso sozialenetik hurbilen dauden bideo lanen artean, Politikak izeneko bide gorriaren barruan, Democracia kolektiboaren eta Txomin Badiolaren bideoekin batera, Daniel Garcia Andujar artista valentziarraren Postcapital. Archive Project bideo, soinu eta argazkiekin gauzaturiko instalazio handia dago, webgunean kokatua den gizarte postkapitalistaren dokumentazio multimediaren artxibo erraldoi baten plasmazio espositiboa. Bide horretan kokatu behar dugu Fernando Sanchez Castillok manifestazioak erreprimitzeko Poliziak darabiltzan ur-presiodun kamioiekin gauzatu bals dantza, poetikoa bezain sinbolikoa, Pegasus Dance (2007) lanean.
Subjektuak eta Hibridoak ibilbideetan artisten ikuskera pertsonalena identifikatzen dugu, baina modu erabat ezberdinetan, hasi espazioa urbanoa bere egiten duen ekintza performatiboen dokumentaziotik —Itziar Okariz eta Begoña Muñozen Thanks (2004) kasu—, eta artearen historiaren lan eta gai nagusien berrinterpretazioen proposamenetaraino —hori da, adibidez, Cristina Lucasen La Liberté Raisonnée (2010) eta Carles Congosten Bad painting (2010) proposamenen kasua—. Bestalde, mostran badira, bideoaren erabilera klasikotik harago, instalazioetan ikus-entzunezkoak darabiltzaten artisten lanak, Daniel Canogar edo Guillem Bayoren kasuak dira, adibidez.
Argazkigintza, telebista, zinema zein beste diziplina artistikoekin zuzenean erlazionatuta dagoen bideoak bere hizkuntza propioa garatu eta toki garrantzitsua lortu du sorkuntza artistiko garaikidean. Egiaz, hainbeste bideo biltzen dituen erakusketa bat antolatzea ez da erraza, baina muntaia —proiekzioak, tamaina askotako telebista pantailak, entzungailu indibidualak, bozgorailu bideratuak, eta abar— egokia da, eta funtzionatzen du. Julio Cortazarren Rayuela eleberriaren jolas kutsua bilatu nahi izan dute antolatzaileek, eta igarriko du halakorik, ibilbide batetik bestera saltoka, zoriaren eta atentzioa deitu dioten lanen inguruan ibilita, bideo guztiak ikusi gabe —bizpahiru bisita behar dira horretarako— bukatzen duen bisitariak. Azken hamarkadetako bideo sorkuntzaren azterketarako, zein bideora lehen hurbilketa egiteko, abagune polita.
Artea. Kritika
Bideo geltokiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu