KRITIKA. Artea

Biluzirik

Alberto Rementeriaren erakusketako bi margolan, Lumbreras galerian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2014ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Alberto Rementeria: 'Modelo Ariketak'

Lekua: Juan Manuel Lumbreras galeria. Noiz arte: ekainaren 13a arte.

Gaur egun Euskal Herriko Arte Ederren Fakultateko pintura irakaslea den Alberto Rementeriak (Bilbo, 1953) omenaldia egin nahi izan dio artearen ikasgune den fakultate honetako pertsona multzo garrantzitsu bati, pintura, marrazkia eta anatomiaren inguruan biltzen den profesional taldeari: modeloak. Helburu honekin, eta noski, garaian artistak berak pinturarekin eta modeloarekin sortzen zuen harreman honen emaitzak plazaratzeko 1997 eta 2003.urte artean landutako hainbat lan aurkezten erabaki du Henao kaleko espazio bilbotarrean.

Erakusketa formatu ertain nahiz txikiko pinturek osatzen dute, Lumbreras galeria banatzen den bi solairuetan banatzen direlarik. Bertan talde ezberdinetan sailka daitezkeen lanak aurki ditzakegu, erretratu gordinak, pertsona multzoak edo biluziak. Orokorki eta pinturaren ezaugarriak kontuan hartuz lan bikainak dira, kolorearen erabilera eta konposizioak benetan aipagarriak direlarik. Gainera, espazioaren eta argiaren erabilera aldetik erakusketaren antolaketa aipagarria iruditu zitzaidan, normalean galeria bilbotarrak egin ohi duen moduan.

Hala ere, multzo guztiaren gainetik badago bereziki interesgarriak iruditu zitzaizkidan lanez osatutako sorta bat, estudioa eta bertan dauden elementuak biluziekin nahasten direnak. Hauetako askotan giza gorputzaren rola aldatu egiten da, inguratzen duten elementu eta espazioen lanketa sintetikoaren erreferentzia berezi bat bilakatzeraino. Konposizioak kolore biziko plano handi eta homogeneoz osatzen dira, batzuetan gainera, modeloaz gain artista bera ere agertzen zaigularik. Tratamendu berezi honek sei urteko epe horretan artistaren gogoeta edo hausnarketa puntu bat adierazten du eta horrek ere erakusketari bestelako aberastasun bat gehitzen dio.

Arte Ederren fakultatean ikasi dugun ia guztioi arrotz egin zitzaigun modeloekin izan genuen lehen hartu-emana. Egun batetik bestera zure aurrean biluzten zen pertsona bat pintatzeak arraro sentiarazten zaitu, ez baitugu, nahiz eta XXI. mendean bizi garen, biluzia naturaltasunez bizitzen. Mendeetan atzera eginez gero, pentsa adibidez ze mailako zalaparta izan zen Gustav Klimt-ek XIX.mende amaiera eta XX. mende hasiera bitartean pintatutako biluzi erotikoekin. Bertan agertzen ziren sentsualitatez beteriko emakume liluragarriek garaiko austriar burgesiarekin lotzen ziren proposamen «egokiekin» apurtu zuen, garaiko gizarteak biluziaren eta orokorki sexuaren inguruan zuen errepresioa agerian utziaz. Sexuaren eta gizartearen arteko garaiko harreman deseroso hau izan zen Psikoanalisiaren sortzaile izan zen Sigmund Freuden sexu-teorien oinarria.

Azken honen biloba izan da gure garaiak ezagutu duen erretratu nahiz biluzien pintore garrantzitsuenetako bat: Lucian Freud. 2011n hila, bere aitonari galdetu beharko genioke honek giza gorputzaren inguruan eduki zuen obsesioagatik. Biluzia baino, haragia da Freuden lanetan protagonista, haragia eta azala. Gure materiaren galkortasunaren atzean gordetzen den bakartasuna eta isolamendua. Hala ere ez pentsa biluzia gaur egungo arte garaikidean alde batera gelditu den gaia izan denik, aski ezagunak egin dira Jenny Saville edo Martin Eder, besteak beste. 1970ean Cambridgen jaioa, Jenny Saville giza gorputzarekin lotzen den pintore ezagunenetakoa bihurtu da. Lucian Freudek zuen haragiaren inguruko gogoeta bere gorputzera trasladatzen du, azalaren eta gizentasunaren arteko lotura zoragarria duten artelanak sortuz. Gogoeta hau hasi dudan Austriatik gertu, Alemaniako Augsburgon jaioa da Martin Eder (1968). Urteak aurrera joan ala hasierako gozotasuna galdu eta konposizio gogor eta ilunagoak sortzen joan da, hauetako askotan emakume biluziak proportzioz kanpo errepresentatzen diren animaliekin nahasten direlarik.

Lumbreras galeriako proposamenak normalean «klasikoak» izan ohi dira, izendapen honekin pintura nahiz eskultura figuratiboaren adibideak izan daitezkeen artelanez ari naiz...paisaiak, erretratuak, eta abar. Arte garaikidearen azken proposamenekin lotuagoak sentitzen garen artista zein artezaleei kosta egiten zaigu erakusketa hauei aukera ematea, baina behin pausoa eman ondoren momentuan konturatzen gara gure aurreiritzien zentzugabekeriaz. Nire kasuan, erakusketa honek nire ikasle garai eta prozesura gerturatu nau (kasualitatez gainera nik urte epe horretan burutu nituen nire ikasketak) artista baten ibilbidean eta bere heldutasun garaiko proposamenak zein gai edo teknikatakoak diren alde batera utziz, oinarrizkoak diren teknika, anatomia eta konposaketaren ikasketak duten garrantzia ezinbestekoa dela gogoraraziz. Denontzako gomendagarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.