'Gernika sutan'
Zuzendaria: Karlos Panera.Lekua: Gernikako kaleak.Eguna: apirilak 26.
Bonbez eta gezurrez txikitu eta erre zuten Gernika Francoren manupeko faxistek, eta bonbardaketaren urtemugan Gernika sutan herri-antzezlanaren lehen bertsioa kaleratu da, bertako Udalaren eta hainbat elkarte eta herritarren parte-hartzearekin.
Arratsaldeko argiarekin hasi zen antzezpena Merkurioren inguruko borobil txikian, Mola jeneralaren herra-mezu famatua eta Agirre lehendakariaren zin egitea bozgorailuetan entzuten zirela. Ikusleak kabitu ezinik zebiltzan eta edozein lekutara igotzen saiatzen ziren, hobeto ikusteko ahaleginean. Emankizunak alboko lorategietan jarraitu zuen, txistulariek, txalapartariek eta dantzariek leku hartan hil zirenei egindako omenaldiarekin —hantxe zegoen-eta garai hartako merkatu-gunea—, eta emakume talde batek irrintzi segida hunkigarria bota zuen euren omenez.
Otxandio eta Durango ahaztu barik, Gernikan hildakoen izen batzuk ume pare batek irakurri ostean, oinezko kaleetatik ibili zen segizioa eta orduan hartu zuen dramaturgiak bere dentsitaterik handiena, jantzien, makillajearen eta argiztapen diskretuari esker, gure oroimenean iltzatuta geratu diren herritarren irudi izoztuak kalean gorpu geratu zirenean, eta erakusleiho batetik okindegiko ahizpa biren irudia sortu zenean. Jarraian, gaur egungo merkatu alboko monumentuan hiru gizarte-talde agertu ziren: Lumoko baserritar bikote batek euren bizipena ekarri zuen gogora; gorriz jantzitako suhiltzaileak eskailera batetik abestu zuen orduko beharraren nekea; eta gudari talde batek gogoratu zigun Francok gurean egin zuena Afrikan egin zuela arinago, Sarrionandiak azken liburuan argi azaldu duenez.
Herritar izoztuak ostera ere agertu ziren Santa Maria kaleko udal eraikineko leihoetatik su eta ke artean, abesbatzaren laguntzaz, eta ikusle askok ere abestu zituzten kantuetako hitzak, banatutako liburuxka oroigarriei esker. Gaua bazetorrela amaitu zen dena Foru plazan, Kantuz ehortz nazaten abestuz, herri kantak —Santa Ageda, Marijesiak...— izan zirelako hitz gehienen partitura, eta Gernika sutan honek, antzezpenarekin batera, omenaldi baten zeremonia izaera ere hartu zuen, Gernikako herritarren lan eta babesari esker.
Kritika. Antzerkia
Bonbez eta gezurrez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu