KRITIKA. Gasteizko 46. Jazzaldia

Carmichaelen itzulera arrakastatsua

Chelsea Carmichael Quartet, herenegun, Gasteizen. GASTEIZKO JAZZALDIA.
Ioritz Retana
2023ko uztailaren 6a
00:00
Entzun

Chelsea Carmichael Quartet

Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Uztailaren 4a.

Manchesterreko saxofonista, moldatzaile eta konpositoreak antzokia bete zuen herenegun. Iaz, Theon Cross tuba jotzaile afro-karibetarrarekin aritu zen Mendizorrotzako agertokian; aurten, ordea, bere taldea gidatzeko aukera izan du. SEED Ensemble izeneko taldean ere parte hartu zuen, besteak beste. Baina bakarkako bidea hasi zuen 2022ko udaberrian kaleratutako lehenengo proiektuarekin: The River Doesn't Like Strangers albumarekin.

Saxofoi jotzaile hipnotikoa dugu Chelsea Carmichael, eta intimitatez eraikitako soinuak aurkeztu zituen Gasteizko antzokian. Emanaldia ikusi ostean, ez da harritzekoa jakitea bere logelan konposatu zituela abestiak, bere betiko teklatuaren laguntzaz. Principal antzokiko taulan, ordea, lagun trebatuekin aritu zen: Oliver Sarkar baterian, Mutale Chashi baxuan eta Rob Luft gitarran. Azken hori jazz laukotean hasiberria den arren, entzuleak maitemindu zituen hasieratik, gitarra modu anbientalean landuz, loop-ak sortuz eta gitarra solo harrigarriak eginez.

Gaueko bi konposizio interesgarrienek hasi zuten kontzertua: There Is a Place (It's Not Here) eta There Is You and You kantek. Saioaren tonua kulunkatzez eta leuntasunez josia egon zen, artistaren sentsibilitateaz eta seriotasunaz gidatuta. Amaieran, bis bat oparitu zigun, aipatzeko moduko beste pieza bat, Myriad izenburua duena, bere lehenengo albumekoa hura ere. Astinaldi goxo horiekin amaitu zen berealdiko contemporary jazz ariketa hau, eta lagun bat baino gehiago konturatu zen nola artista gazteen presentzia jaialdian ez den eskertzekoa, baizik eta beharrezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.