'Country Strong'
Zuzendaria: Shana Feste. Aktoreak: Gwyneth Paltrow, Leighton Meester, Garrett Hedlund, Tim McGraw, Kayla Perkins, Sean Symons. Herrialdea: AEB. Urtea: 2010. Iraupena: 112 minutu.
Film baten inguruan fotografia edo musika bada goraipatzen den lehenengo gauza ez da batere seinale ona. Kasu honetan, musikak aldakak mugitzeko ere ez du balio. Fotografia, berriz, ez da bereziki txundigarria. Hortaz, beste zerbait nabarmendu beharko da; Gwyneth Paltrowek egiten duen interpretazio ona.
Two Lovers-en (James Gray, 2008) erakutsi zuen mailara ailegatzen ez bada ere, hemen ere lan aparta egiten du aktore estatubatuarrak. Urrun dago mundu mailan ezagutzera eman zuen Seven (David Fincher, 1995), eta perspektiba pixka bat hartuta, txalotzekoa da Paltrow filmez film egiten ari den ibilbidea, iparrorratzaren norabidea argi duenaren seinale.
Country Strong honetan zaharraren rola jokatzea egokitu zaio; gainbeheran dagoen country musikari ospetsua, alkoholarekin eta managerra den senarrarekin etengabeko borroketan dabilena. Desoreka emozionalari beste arrisku bat gehitu behar dio, askoz gazteagoa den eta anbizioz beterik dagoen kantari baten konpetentzia.
Gaia ez da orijinala, maisuki dago emana All About Eve (Joseph L. Mankiewicz, 1950) ahaztezinean. Argi dagoenez, Shana Festeren filma ez da hurbiltzen klasiko horren mailara, akaso bere asmoa askoz ere apalagoa da. Baina zaila da jakitea zein den asmo hori, aurrera egin ahala istorioaren hari nagusia behin eta berriz galtzen delako, zer kontatu nahi izan duen jakiteko modurik ez dagoelako.
Bere burua birbideratu nahi duen artista beteranoaren istorioa da hasieran, belaunaldi berrien indarraren kontra ezer gutxi duena egiteko. Ideia hori gero eta lausotuago gelditzen da, eta diseinuzko erromantizismo koipetsu bat nagusitzen da.
Protagonista gazteenen lerdentasuna lehen mailara pasatzen da eta askoz interesgarriagoa den beteranoen ibilbidea bazterrean gelditu da. Gazteen artean, bi rol atzerakoi markatu ditu Festek. Gogorraren planta ezin artifizialagoa egiten duen gizonkeriaren ondoan, etengabe edertasuna justifikatu beharrean dagoen artistagaia dago.
Eta nolakoa estereotipoa halako musika, lehena benetako country musikaren ordezkaria den bitartean —bere ustetan, jakina—, country pop eztia egitea leporatzen dio kideari. Baina hori ez ezik dena da oso biguna telefilm baten itxura hartuko duen Country Strong-en; are okerrago, bukaera aldean MTV-ren making of bat izaten amaitu du.
Kritika. Zinema
'Country Pop'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu