KRITIKA. dFeria

Dantzan hasi gara

Jordi L. Vidal koreografoaren An Encounter piezako irudi bat. DFERIA.
Agus Perez.
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun

'Eszena Dantz'

Lanak eta koreografoak:Madera (Denis Santacana), Block (Amaia Elizaran), Shôlo (Mey-Ling Bisogno), The Place (Alessio Natale), El otro (Clemence Juglet), The more you dance the more you get (Evie Demetriou), An Encounter (Jordi L. Vidal). Lekua: Donostiako Gasteszena aretoa. Eguna: Martxoak 11.

Zazpi dantza lan laburrekin hasi da aurtengo dFeriako egitaraua, Donostiako Gazteszena aretoan. Mosaiko moduko bat eratu dute haien guztien artean, eta emanaldian zehar askotariko lanak ezagutzeko parada izan dugu.

Denis Santacanaren Madera-rekin hasi da saioa, Santacana berarekin, Victor Fernandezekin eta Yenalia Palmerorekin. Izenburuari kasu eginez, koreografian zehar ezinbesteko rola jokatu dute hamabost bat makil labur eta mehek, eta hasierako minutuak txalaparta-musikak girotu ditu, Denisen zapateatu indartsuekin konbinatuta. Herrimina islatu da naturako elementuen irudikapenekin; makil-dantzatik eratorritako pasarte bat ere ikusi dugu; eta nolabaiteko transzendentzia ekarri duen soinu-bandaren laguntzaz, sufrimenduaren alegoria eta gatazka-giroa sortu dira.

Dudarik gabe, Block izenekoa izan da saioko piezarik aurreratuenetariko bat, Amaia Elizaranem eta Leire Otamendiren parte-hartzearekin, eta Belakoren musika erabatekoak erritmoz eta energiaz kutsatzen gintuela. Zehaztasun handiko duo zoragarri honetatik bereziki gogoratuko ditugu dantzari bien arteko sinkronismo perfektua, neurrian erakutsitako keinu aberastasuna, tempoaren kudeaketa orekatua eta amaieran izandako emozioen norabide aldaketa.

Panpina itxurarekin agertu da ikusleen artean Aiala Etxegarai Shôjo izeneko piezan, manga estiloko maskara handi bat buruan zeramala. Maskara erantzi ostean divertimento itxura nabarmena hartu du Edoardo Ramirezekin interpretatu duen piezak: antzerki fisikora hurbildu da batzuetan, pantomima kutsua nagusitu da noizean behin, jostailu mekanikoen antzera ibili dira dantzariak hortik handik, eta bideo jokoen estiloko soinu-bandak sano lagundu du piezaren izaera jostagarria osatzen.

Ordea, Alessio Nataleren The Place ez zait hain erakargarria egin. Musika neorromantiko baten pean, aulki dotore baten jabetzagatik lehiatu dira hiru emakume eta bi gizon, baina dantzarien eboluzioei akademizismo nabarmena zerien, eta esandako abiapuntu eskasaren ondorioz, ia ezerezean geratu da proposamena.

Gauza bera esan genezake hurrengo piezaz —El otro—, baina beste arrazoi batzuengatik. Clemence Jugletek bakarrik interpretatu duen pertsonaia obsesionaturik ibili da identitatearekin eta besteen aurrean ematen dugun irudiarekin, eta ideia horren zerbitzura, etengabeko jarrera ariketak egin ditu dantzariak; gaitasun nabarmena, keinu definizio ona eta malgutasun handia baliatuz —mimo groteskotik hurbil batzuetan—, baina proposamenaren ageriko pertsonalismoak piezatik aldendu nau ezinbestean.

Evie Demetriouren lanak, ordea, eduki politiko aurreratua ekarri du, eta forman lehorra izan arren, oso ondo zetorkion planteamendu hori sakoneko mezuari. Aurpegia estaltzen zion ileorde bat eta zuri koloreko kamiseta eta kuleroak jantzita —takoiekin zebilen—, zaplaztekoak emanez ibili da bere gorputz ataletan, eta larrua jotzeko mugimendu sinkopatuen antzera jokatu du zenbaitetan. Azkenean, salneurria jarri dio atal bakoitzari eta airetik sakabanatu dituen eskupaperetan salatu du munduan giza salerosketak dakarren negozioa, %80 sexu-esplotazioari dagokiola ohartarazita.

Azkenik, Jordi L. Vidalen An Encounter gimnasia eta pantomima bigunaren eremuan geratu da, begi-bistako gauzak irudikatuz eta antigoaleko kanta erromantikoetan bilduta. Amaiera makala, nik uste, proposamen ausartak bildu dituen egitarau oparoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.