Musika
Il Giardino Armonico
Zuzendaria: Giovanni Antonini.
Lekua: Kursaal auditoriuma (Donostia).
Eguna: Abenduak 16.
Mende laurdena daramate Il Giardino Armonicoko musikariak elkarrekin. Elkarren ezagutza, nortasuna, begiradak eta izaerak aski barneratuta dauzkate, eta Antonini maisua lidergoan izanda, edabe magikoa pil-pilean etengabe goritzen dute. Haydnen edota Mozarten musika txatal bat rock musika balitz bezala, guztiz eraldatu eta Wagner edota Brahms bat bihur dezakete, soilik musika nota bakoitzari atxikitzen dioten energia aztertuz, guztiz erdiragarria!
Aikin soprano estatubatuarra genuen gonbidatu berezi gisa, Petibon frantziarraren gaixotasuna dela eta. Kontzertuko lehen zatian goibel samar aritu zen, ezerezean, Antoniniren musikariak trabatzerainoko larrialdian. Deh vieni non tardar edota Alma grande e nobil core arietan Aikin zalantzatsu nabaritu genuen esaldikapenen fraseatzean, bere musika sentiberatasuna galduta zebilen norabide kontuetan. Mozarten aria horiek behar bezala irensteko, Antoninik Haydnen 1. Sinfonia zehatz eta artatsu bat eskaini zigun, harizko instrumentuen zirrara erakustaldia nabarmentzeko aproposa. Bach famatuaren seme zen Carl Philipp Emanuelen Sol Maiorreko Sinfonia-n zurezko haize gozo eta epel batzuk distiratu zituen Antoninik, bereziki Poco Andante atalean. Edabe magikoa irakiten hasia zen…
Etenaldi ostean, jadanik lapikoa gainezka genuen, eta Il Giardino Armonicok soilik fintzen duen edabea Haydnen La Passione sinfonian dastatzeko prest azaldu zen. Kontzertuko zoragarritasunaren eztanda kilikaria izan zen obra horren interpretazioa, Haydn Brahms zirudien sakontasun eta barnetasunean, guztiz zorabiatzeko bateratasuna hogeita bost musikarien artean sortutakoa eta Antonini bere burutazio ameslarietan. Aikin sopranoa guztiz ahaztuta geneukan jada, baina Ruhe sanft, mein moldes leben aria txirulari eta xuxurlaria eskertzekoa izan zen Haydnek sorrarazitako irrika baretzeko.
Kritika
Edabe magikoaren jabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu