KRITIKA. Musika

Egitarau desegokia

2016ko urriaren 12a
00:00
Entzun
'BOS & Broadway'

Zuzendaria: Robert Purves. Abeslariak: Deborah Myers, Anna-Janne Casey, Damian Humbley, Adrian Der Gregorian. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Urriak 6.

Harritu egin gaitu BOS-en sarrerako kontzertuak. Izan ere, denboraldi hasiera aukera paregabea da goi musika landuaren eremuan pieza erakargarri eta pisuzkoak eskaintzeko. Baina aurten, ezohiko egitarauarekin hasi da BOSen denboraldia. Ez pentsa, ordea, europar opereta edo antzerki musikal anglosaxoiak gorroto ditugunik. Egindako aukeraketaren kalitate eskasari dagokio kritika nagusia.

Batetik, esan behar da pieza guztiak —On the Town-en bat edo bi izan ezik— Hollywooden galbahetik pasatutakoak direla, eta ez Broadwaytik: denak filmen arrago-arraskatan indartutakoak. Bestetik, arrisku handia hartzea da musikalaren beraren testuingurutik ateratzea, antzerkiaren eszenatik edo testutik at, batez ere ingeles ez hiztunen artean. Hortaz, musika landuaren kontzertu batean, ezinbestekoa da musika kalitatea aukeratzea.

Hor egon zen hutsunerik handiena. Esaterako, genero horretan Leonard Bernstein puntako konpositorea izan arren, On the town-eko zati gehienek ez zuten, testuingurutik aterata, kontzertu klasikoaren formatuan jotzeko kalitaterik. Beste horrenbeste esan daiteke West Side Story-ren kasuan: egokia izan zen Tonight, agian Maria ere bai, baina obertura nahiz The Rumble falta ziren orkestra protagonismoz bustitzeko. Arazo bera The Sound of Music, Cabaret edo My fair Lady-ren aukeraketa eskasetan musika kalitatearen aldetik. Halaber, Cole Porterren musika dotorearen erakusleihorik aproposena ez da Hight society. Eta The Phantom of the opera jasanezina izan zen rock txarraren esparruan...

Bestalde, abeslarien parte hartzea gehiegizkoa izan zen, eta albo batera utzi zuen orkestraren protagonismo instrumentala. Abeslari laukotea egokia da genero horretan eta mikrofonoekin kantatzeko, haien ahots tesitura, arnasketa eta bolumena mugatuak direlako. Kontua da batzuetan ia saturatu egiten zela soinua orkestra eta laukotea fortean aritzen zirenean —Tonight-en kasuan—. Orkestrak zuen tinbre aberatsa kontrajarri egiten zen abeslarien tinbre lauarekin. Abeslarien artean Deborah Myersen ahots gorpuztua eta haren luzapena aipatu behar dira My fair Lady-n, Damian Humbleyren egokitasuna West Side Story-n, Anna-Jane Casey Cabaret-en; motelago, aldiz, Adrian de Gregorian. Bi zati laburretan izan ezik, orkestra abeslarien laguntzaile gisan soilik aritu zen, asko mugatuz bere gaitasun sinfonikoa, tinbrikoa. Hala ere, BOSek ez zuen arazorik izan Purvisen zuzendaritza erritmikoari jarraitzeko, tinbre polita aterata eta kide guztien lan onarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.