Kritika

Erakusleihoaren logikan

Haizea Barcenilla
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Artea

'Errealitatetik desiora' (PhotoEspaña deialdiko argazki sarituak eta hautatuak).

Non: BilbaoArte.

Noiz arte: otsailaren 19ra arte.

Askotan ahazten zaigu, erakusketa bat ikustera goazenean, testuinguru batean bizi garela. Ez dut esan nahi erakusgelan sartu eta inguruaz ahaztuta kontenplazio estetikoaren besoetan beste mundu batean gertatzen garenik. Askoz ere prosaikoagoa izan nahi dut: testuinguru sozial eta artistiko zehatz batean bizi garela esan nahi dut, honek ezaugarri, behar eta betebehar propioak dituela, eta honen barnean sortzen dugun arte adierazpide edo erakusketa bakoitzak leku bat hartzen duela.

Berriz ere zehazteko, ez da artearen funtzio sozialaren aldarrikapen bat hau. Bada ikerkuntza artistikoari begira soilik sortzen den artea, zilegi. Baina arte horrek, hala ere, badu testuinguru artistiko eta estetiko bat ere, nonbait kokatzen da, arte munduaren barnean ere. Horren aurrean jartzen garenean hainbat galdera sortzen zaizkigu, eta bere ingurua definitzen duten ezaugarriek —sozialak, artistikoak, formalak— ematen dizkigu erantzuna bilatzeko bideak.

Zenbaitetan, berriz, erakusketa batean sartu eta hori guztia ahaztu egiten zaigu, mostrak ezin dielako «zergatik hemen, zergatik orain» galderei erantzun. Espazioa kubo zuri bat bihurtzen du, eta artelanak, haien arteko harremanik gabeko izaki desmenbratu. Badirudi A-tik B-ra doazen ildoak ez direla inoiz eraiki, eta espazioan flotatzen dauden objektuei egin behar diegu aurre.

Hori da Errealitatetik desiora BilbaoArteko mostran sentitu nuena. Aurkeztu ziren hamabi argazkilarien lanek puntu bakarrean egiten zuten bat: PhotoEspaña argazkilaritza deialdirako aukeratuak izan zirela eta han topatu zituela Francisco Carpio komisarioak. Ondoren, argazkilaritzaren inguruko baieztapen oso orokor, txit entzun eta nahiko aspergarriak papertxo batean idatzi eta horien izenean ekartzen zaizkigu lanak. Ez zaizkigu aurkezten «PhotoEspañako hoberenak» edo «Carpioren gustukoenak» balira bezala, ustezko tematika baten menpe baizik; horren zabala, beste edozein lan hartu eta zentzu ber-bera izango zuen erakusketak.

Horrekin ez da zalantzan jartzen lan gehienen kalitatea. Vanessa Winshipen Ezerez gozoa-k, esate baterako, neskato gazteak erretratatzen ditu, ingurune neutroetan. Bada hiru argazkietako protagonistak lotzen dituen ukitu berezi bat, nolabaiteko antz fisiko eta pertsonala, artistak maisutasunez bilatu eta errepresentatzen jakin duena.

Lan horiek begiratzean, ordea, zerbait galtzen ari garela sumatzen dugu. Ondoan Lola Guerreraren zuriz forratutako barneko irudiak daudelako, kitsch-aren eta minimalismoaren arteko mugimendu arriskutsu bat egiten dutenak; Winshipengandik horren urrun, bien zentzuak hustu egiten dizkigu. Eta, frentean, Motohiro Takadaren Ibaia, urrutitik guztiz beltzak iruditu eta hurbiletik eszena baten izpirituak utzitako marka ia sumaezina harrapatzea lortu duten bi argazkiak, argiaren kokapenagatik ezin direnak beharko zen bezain ondo preziatu.

Ez dago loturarik ez logikarik, alegia, eta lan bakoitzaren unibertsoak ez du garatzeko espazio ez fisiko ez kontzeptualik. Haien esanahien multiplizitateari adierazteko leku bat eman beharrean, isildu egiten dira, «PhotoEspañako argazkilari txukun horien» lelopean giltzatuta.

Zergatik erakusketa hau orain, zergatik hemen? BilbaoArtek azken urteetan lan komisarialaren adierazpen erakargarriak emateko arazoak izan dituela argi dago, mostrak denden eskaparateak bezala ulertuz, lana talde erakusketa batean publiko egiteak duen ardura eta esanahia gainetik pasaz. Horrek ez dio onik egiten ez diskurtso kritikoari —ez baita eraikitzen—, ez lanei, biluztuta eta kizkurtuta eramaten baitira publikoaren aurrean. Ikusleari ez zaio galderarik iradokitzen, ezta esperientzia estetiko sakon bat izateko aukerarik ematen ere. Honela, oraingoan ere, artisten lanetatik ehuneko ehuna ateratzen ez dugulako irudipenarekin goaz etxera.

Horrelako proposamenetan, tamalez, espektakularren diren lanak ateratzen dira garaile. Honela, Alicia Monevaren Giza Paisaia-k lehen inpresio bat sortzen du, bisualki erakargarria delako. Hala ere, hurbiletik eta sakonki begiratuta, Gurskiren sistema berberaren aurrean aurkitzen gara; hots, irudien errepikapenaren bidez sortutako agertoki irudikatuekin; askoz ere modu traketsagoan eginak, gainera. Edo Claudia Romitiren Ri-afrika-k azkar ulertzen den muntaia sortzen du, kalean saltzen dabiltzan gazte afrikarren argazkiak photoshoparen bidez haien lurraldeko ustezko kokapenetan ezarriz. Bitxia, baina zein mezu igortzen du? Gai serio baten gaineko broma da, umorez landutako gai gogorra, edo ikus-truko bat besterik ez?

Urte askoan, BilbaoArtek teknika eta estetika lehenetsi ditu, diskurtsoa eta kontzeptualismoa nahiko ahaztuz. Aldaketak bide berriak irekiko dituela dirudi, eta erakusketa hau programa zaharraren azken arrasto modura ikusi nahi dugu. Areto hori ez dadila erakusteko bakarrik izan, zentzua eraikitzeko ere erabilia izan dadin espero dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.