Kritika

Erlijio guztien gainetik

Gontzal Agote.
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Zinema

'Des hommes et des dieux'

Zuzendaria: Xavier Beauvois. Aktoreak: Lambert Wilson, Michael Lonsdale, Olivier Rabourdin, Jacques Herlin. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 120 minutu.

Ill zituzten aurreko egunean belaunikatu ziran guztiok frai Danielen aurrean bedeinkazioa eman ziezaien, eta bedeinkatu zituen hitz oekiñ: 'Poztu gaitezen Jaungoikoagan! Ona hemen guretzat pest-eguna; aingeruak inguratzen gaituzte, zerua idikitzen zagu, biar artuko degu guziok martirien koroa'. Biaramon goizean goiz, eman zioten elkarri despedidako agurra, eta ondorean joan ziran eriotzako tokira pauso irmoarekin, ikustean, esan zitekean zirala amorotsu batzuek ezteietara zijoazenak. Aen buruak erori ziran mairuen ganibeten kolpera 1221ko urriaren amarrean».

Manuel Antonio Antiaren kontakizuna da, Joseba Sarrionandiak bere azken liburu bikainean jasoa. Mende luzeak pasatu diren honetan, antzeko istorioa da Xavier Beauvoisen filmaren abiapuntua. XX. mendearen amaierako Aljerian gerra latz eta gupidagabe bat izan zen armadaren eta talde islamiarren artean. Testuinguru horretan, Atlas mendietako monasterio zistertar batean bizi zen monje talde bat hil zuten. Inoiz ez dute argitu nor izan zen erantzulea, talde armatua ala armada bera.

Itxuraz, horren kronika da Des hommes et des dieux, baina, zorionez, berehala ikusiko dugu benetako asmoa oso bestelakoa dela. Gertaera hori baliatuta, sakrifizioa, beldurra, konbikzioak eta egungo munduaren gaineko erradiografia biluzia eta zirraragarria egin du zinemagile frantziarrak.

Monjeen egunerokoaren jarraipen zehatz eta isilaren bitartez, mundutik aparte bizi nahi izan duten protagonisten berri jasoko dugu. Baina mundua ez da prest halako erabakirik onartzeko, eta gatazka zentzugabe baten erdian harrapatu nahiko ditu. Hala ere, egoerak eragiten dien ikara ezkutatu gabe, aurrera segitzea erabakiko dute.

Berez, Des hommes et des dieux ez da erlijioaren inguruko film bat, ezta Aljeriako gatazka interpretatzeko ahalegin berri bat ere, askoz urrunago ailegatu da Beauvois. Labirintotik kanpo bizi nahi duen pertsona multzo baten istorioa da. Mitifikazio merkerik gabe, ez du martiririk nahi; ustezko errudunak ere ez ditu bilatuko. Soseguzko eta harridurazko begirada dago hemen. Oihu isil bat da, ez protesta egiteko, barne balioaren eta errespetuaren aldarrikapena egiteko baizik.

Estetikoki eta narratiboki filmaren planteamendua ausarta da oso. Ez du hari jakin bat segituko, collage bukatugabea osatzen duten estanpa multzoa da. Eta, horien barruan, azkenaldiko zinemak eman dituen sekuentziarik eder eta hunkigarrienetako batzuk daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.