Literatura. 'Nola gorde errautsak kolkoan'

Errautsa bezain ilun

Idazlea: Miren Agur Meabe. Argitaletxea: Susa.

2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Nola gorde errautsa kolkoan da Miren Agur Meaberen azken poesia lana. Sei ataletan antolatutako poemek askotariko gaiak dituzte hizpide, askotariko moldez, erregistroz eta neurriz. Noiz lirikoak dira, noiz narratiboak, bizitzaz, haurtzaroaz, bakardadeaz, sexualitateaz eta desioaz, naturaz, gomutez, eta beste horrenbeste auziz diharduten konposizioak. Hala ere, gai gogokoenetarikoa (gogokoena ez bada) heriotza da. Heriotza, historikoki horren kontzeptu tabuizatua bere gordinean deskribatzen zaigu, tapakirik barik, beti ere lekukoaren ikuspuntutik, eta ez hildakoarenetik. Bikoitza da, gainera, Meabek proposatzen duen ikuspegia, heriotzaren bitartez amorrua, sentimendu ezkorrak, bakardadea transmititzen baitzaizkigu; era berean, jolas egiteko aitzakia bihurtzen da: iraganeko pertsonaia entzutetsuak hilobitik atera, eta bakoitzari bizi txatal bat oparitzen dio poetak, berbetan jartzen ditu, bertso lerro artean (ber)izateko aukera eskaintzen die. Poema bizienak eta dibertigarrienak iruditu zaizkit horiek, umorez eta jolasez, obran zehar konstante mantendu den tenore iluna argitu baitute.

Beste aldean, beltzez jantzitako heriotzaz mintzo zaigu lekeitiarra. Pertsonaia, garai, ni (eta noizbait zu) poetiko, min eta istorio ezberdinak kontatuagatik, heriotza da, guztiak ez badira ere, olerki gehienak lotzen eta sostengatzen dituen haria. Hari esplizitua batzuetan; hari gardena eta meharra besteetan; eta, gutxiagotan, sinbolikoa. Heriotzak azaleratzen duen iragan hori berpizten da hitzez hitz, gomutei forma eta espazioa ematen die poetak, mamuak ekartzen ditu lehen planora. Ordea, oroitzapen horiek, nahiz eta lekuetan, objektuetan, izenetan, edo, are, abestietan materializatu, iheskorrak dira, hautsa legez, haizeak eramaten ditu, eta hutsunea geratzen da, bakardadea, mina. Esango nuke darabilen aditz denborak gutxi duela kasualitatetik, oroitzapenez mintzatzeak iraganaz mintzatzea baitakar ezinbestean, eta, alderantziz, iraganaz aritzeak oroitzapenak gogoraraztea. Aditz gehienak iraganean jokatzea, hortaz, ez dut uste ausazko erabakia izan denik.

Estiloari dagokionez, bere lan gogoangarrienetarikoa den Azalaren kodea (2000) obratik urrun sumatu dut Meabe. Baina uneoro presente izan duela nabaria da: «Azalaren kodeak bete du sobera iraungitze-data». Mezuan ere bat datozen irudipena izan dut, emakumeen gorputzak ikusgarri egiten baititu mintzagai dugun liburuan ere, eta azaletik, gorputzetik kontatu egiten du. Deigarria da, testuartekotasunaren gorazarre, ekartzen diren izen gehienak emakumeenak izatea. Emakumez eta emakumeen bitartez sare bat eraikitzen da, konstelazio bat.

Eta Azalaren kodea aipatu dut, baina irakurleak, han eta hemen, Meaberen unibertso literarioko pista gehiago aurkituko ditu: «Itxaron, Meibi, tertziopelo bizia». Autoerreferentziala izateak nolabaiteko zubia eraiki du bere obren artean, estiloz oso bestelakoak izan arren.

«Metamorfosiaren mirariak hizkuntzan du iturria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.