Opera
'L'italiana in Algeri'
Egilea: G. Rossini. Musika zuzendaria: M. Mariotti.Eszena zuzendaria: Emilio Sagi. Abeslariak: D. Barcellona, A. Siragusa, M. Pertusi, P. Dordogna. Orkestra: EOS. Abesbatza: Bilboko Opera Abesbatza.Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Data: urtarrilak 22 .
Erakargarritzat jo dezakegu OLBEk beste antzokiekin batera aurkeztu duen Italiar emakumea Aljerian-en bertsioa. Izan ere, Emilio Sagi Rossiniren errepikapenetan etabel canto-aren kalitatean eta grazian oinarritu da etengabeko mugikortasuna —agian, larregia— emateko berak sortu duen eszena ikusgarri eta sentsualari. Beraz, eszena zuzendaria arabiar alikatatu moduzko teloi gardenaren atzetik zeuden dekoratu sinplez baliatu zen, pertsonaien joan-etorriak arintzeko alboetan zeuden hainbat sarreren bitartez (batzuk ferra-arkuez egindakoak).
Aitzitik, atrezzorako behar ziren beste elementuak unean-uneko zetozen goitik edo konpartsakoek bertan osatzen zuten. Horri gaineratu behar zaio eszena bakoitzari zegokion kolorea (zuri, gorri ala urdin) eta pertsonaia guztien arropa dotoreak zein argiztapena. Musika alorrean berriz, Mariottik ia guztietan ondo kontzertatu zituen bakarlariak, orkestra eta abesbatza. Maisu gazteak, Euskadiko Orkestra Sinfoniko ona dela medio, ondo islatu zituen partiturak dituen aire, dinamika eta erritmo bariatuak, hala multzoan nola bakarkakoetan.
Tenore berean aritu ziren bakarlariak. Guztien gainetik, Daniela Barcellona mezzoak beharrezko bolumen eta beheranzko vibrato-arekin bikain antzeztu zuen Isabella pinpirinaren rola eta bel canto-aren gurguilu eta apainduretan trebe azaldu zen ia guztietan. Aldiz, Michele Pertusi baxuakez zuen horrenbeste bolumenik eta gardentasunik adierazi, nahiz eta irakurketa egokia eta fiorituretan abilezia azaldu. Antonino Siragusa tenorra gustatu zitzaidan atariko Languir per una bella cavatina-n, baina goietan karrankari ibili zen. Paolo Dordognak ondo abestu zuen, Marife Nogalesek, Carmen Romeuk eta Carlos Dazak haien particella laburragoetan bezala. Bilboko Operako gizonezkoek gehienetan tinko eta neurrian bete zuten haien lan luzea.
Kritika
Eszena distiratsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu