KRITIKA. Antzerkia

Ez da dirurik itzuliko

Antzezleak, Leioako emanaldian, herenegun. MARTA VIDANES.
Agus Perez.
2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun

'Esto no me lo esperaba'



Konpainia: Zanguango. Zuzendaritza eta argien diseinua: Miguel Muñoz. Antzezleak: Txubio Fernandez de Jauregi, Miguel Angel Perez, Begoña Krego, Helena Golab. Lekua: Kultur Leioa aretoa.Eguna: Urriak 20.

Emanaldiaren erdian, ekintza eszenikoa eten dute taula gaineko lau antzezle despistatuek, eta haietariko batek esan digu ez zela dirurik itzuliko gutariko baten bat aretotik irten eta etxera joanez gero. Dena den, ez da besaulkitik inor altxatu, ordurako gatibu geundelako Zanguango konpainiaren zorotasun leunean, eta enpatia bihozberan blai sentitzen ginelako antzezlana estropezuka aurrera eramaten saiatzen zen laukote deslai haren aurrean.

Aspaldian Araban finkatu zen Miguel Muñoz antzerkilari valentziarrak bere tankerako beste sorkuntza bat eskaini digu Esto no me lo esperaba proposamen eszenikoan, eta estilo horren parte dira talde-sorkuntza gidatua, bere tristura-puntua duen umore existentziala, ekintza fisikoari emandako lekua, antzerki txiroaren aldarrikapena eta antzerki-artifizio apalak sormenez erabiltzeko gaitasuna. Kasu honetan, gainera, Txubio Fernandez de Jauregiren eta ezinbesteko aliatu duen Miguel Angel Perezen jakituriaz baliatu da, eta haiekin batera aritu dira dantzaren esparrutik datozen Begoña Krego gorputz-mugimenduan beteranoa eta Helena Golab, baten batek hitz egin behar zuelako polonieraz taula gainean.

Gauzak horrela, zer eta Emiliano Zapataren bizitza eta heriotzaren kontakizunari ekin diote lau figurante ausartek, beraiek direlako erreka jotako konpainia baten azken apurrak. Eta xede horri begira, oso bide berezia hautatu du zuzendariak, ekintza eszenikoa errealitatearen eta fikzioaren arteko plano askotan banatuta eta haien arteko gurutzaketa emankorrak nahita bilatuta. Bide horretatik, eszena bakoitzaren amaieran agertu da gure Txubio monumentala, publikoari azaltzeko zertan arituko ziren hurrengoan, hizlari akademiko baten itxura hartuz, albo bateko atril baten aurrean paratuta, betaurrekoak jantzita eta, hori bai, kakorratzez egindako alfonbratxo borobil bat oinen azpian zeukala.

Mexikoko Iraultzaren liderraren bizitza zazpi ataletan banatu da, baina —surrealismoaren apoteosi betean— seigarrena antzezlerik gabe eta testurik gabe gauzatu da, eszenako sasi-protagonistek dekorazioa eta atrezzoa batzeko aprobetxatzen zuten bitartean. Espero zenez, Txubioren gainean geratu da proposamen osoari giza dentsitatea emateko ardura, baina, esan bezala, ez da nolanahikoa izan Miguel Angel Perezen rola. Begoña Krego lehen aldiz ikusi dugu antzerki-rol batean, baina beragandik bereziki gogoratuko dugu ospakizunaren eszenan oparitu digun dantza zoro eta burugabea. Emanaldian zehar, in crescendo joan dira ikusleen barreak, eta amaitutakoan txalo zaparrada trinkoa sortu da besaulkietatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.