Artea. Kritika

Ez?

Sierrak sortutako hiru eskulturak hainbat herrialdetan zehar ibili dira, Gasteizera heldu aurretik. Argazkian, New Yorken. SANTIAGO SIERRA.
Mikel Onandia Garate.
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Artea

Santiago Sierra. 'No, global tour'

Non: Artium, Gasteiz.Noiz arte: Maiatzaren 1era arte.

Artiumera hurbiltzen denak ezezko irmo batekin egingo du topo: NO. Ez, ez eta ez, beste barik; EZ handi eta argia dugu, inplikazio politiko, moral eta estetiko nabarmenekin, Santiago Sierraren (Madrid, 1966) azken proiektuaren funtsa. Anbiguoa bezain indartsua, oro har, proposamen interesekoa dugu, ikuslea hotz uzten ez dutenetakoa.

Lehen NO erraldoia museoaren kanpoaldean dago. Metalezko 3x4 metroko bi hizki beltz horiek Gasteizera kamioi baten gainean heldu dira, munduan zehar bidaiatu eta begiratzen zituztenei ezetz esan ostean. Produktuak balira bezala, Lucca eta Toronton sorturiko hiru NO ezberdin Lehen Munduko hainbat herrialdetan zehar ibili dira, eskualde industrial eta pobreetan, botere gune handi eta instituzio entzutetsuetan zein arte munduko topalekuetan. Hala, testuinguruaren arabera —izan Lourdesko santutegia, Detroiteko lan guneak, Wall Street zein Arco azoka—, NO-ak bere funtsezko esangura aldatu ez arren —negazio erabatekoa—, konnotazio ezberdinak hartu ditu, inguruan dituen ezezkoak erakarri eta hitzaren maila semantikoa eraldatu eta konplexuagotuz. Lekuan lekuko egoerara moldatzen den eskultura mugikorra dugu, baina normalean boterearen zerbitzura egon ohi den eskultura publikoaren ezeztapena da baita ere, anti-monumentua. Sierrak, gainera, artearen, ekonomiaren eta politikaren testuinguruetan ibili den eskulturaren bidaia dokumentatu du, izaera dokumentalaz gain kutsu estetikoko zuri-beltzeko argazki eta road movie itxurako film batean, denak Artiumen ikusgai.

Badira beste NO batzuk aretoetan. Horietako bat, Carrarako marmolaz egina, baselina geruza lodi batez igurtzia agertzen zaigu. Inplikazio sinboliko —eskulturaren tradizionalaren eta garaikidearen materialen erabilera kontrajarria, kasu— zein kontzeptual nabarmeneko lana dugu —konnotazio sexualak jarraituta, jatorrizko ezezko gogor eta pisutsua bigun eta sarkorra bihurtzen du baselinak, hots, negazio lubrikatua—. Alta, oraindino ikusgarriagoa da museoko sala handi bateko zorua, hormak eta sabaia hartzen dituen NO erraldoia. Anamorfosiaren teknika erabiliz, gelako sarrera puntutik sekulako tamaina hartzen duen hitz beltzaren aurrean aurkitzen da ikuslea, baina horren gainean ibili ahala, deformatu eta bere efektu optikoa difuminatu egiten da, esangura kontzeptuala galduz. Espaziora egokitutako instalazio horrek, bisualki inpaktagarria, beste ezezkoen inplikazioez gain, badu bestelako baliorik, ikuslearen pertzepzio espazial eta kontzeptualen perspektibismoa agerian uztea, alegia.

No, global tour proiektuan artista madrildarrak orain arteko ibilbideari eutsi dio; minimalismoaren eta arte kontzeptualaren tradizioari salatze politiko-soziala gehituz, Sierrak lekuan lekuko proiektuak garatu izan ditu, boterearen erlazioak eta sistema kapitalistaren baitan dena barne hartzen duten merkatuaren legeak bistaratuta ikusleon gogoeta bultzatuz. Oraingoan, aurreko ekintzak barne hartu ditu, testuinguru ezberdinetan bere indarra mantentzen duen formulazio kontzeptual, formal eta semantiko orokorra erabilita. Negazioaren jarrera unibertsala kontzeptu gisa formalki oso sinplea baina indartsua dugun berba batean materializatu du —bi hitz, angelutsu eta zuzena lehena, borobila eta sendoa bigarrena—, zuri-beltza erabiliz irudia intelektualizatu nahitan, hain justu, semantikoki ia ulermen unibertsaleko hitza: NO. Indar handiko eskultura baten aurrean gaude.

Sierrak erantzun jakin bat eman beharrean, mahai gainean auzi bat jarri eta ikusleari ematen dio hitza. Hortik Sierraren ezetza globala izatea, orokorra eta ez konkretua, bakoitzak bere erara interpretatzeko. Alabaina, ezetzaren aurpegi guztiak bildu nahian kasik ezetzaren baieztapen bat sortu du, izan ere, sarritan orokortasunak anbiguotasuna inplikatzen du, eta horrek Sierraren proposamena, negazio jarrera irudi bilakatzean, negazioaren estetika huts lez, pose nihilista gisa interpretatzea ekar lezake.

Iraultzaile baino gehiago, artista lez aurkezten da Sierra, luxuzko produktu ekoizle gisa —dendan burdinazko NO txikiak daude salgai 600 eurotan—, baina bere asmo salatzailea argia da baita —gogoratu iaz Espainiako Arte Plastikoen Sariari uko egitea—. Ikuslea halakoen aurrean mesfidati ager daiteke: sistemaren baitan beronen miseriak biluzten dituen proposamena, ala gure kontzientziak lasaitzeko sistemak berak fagozitatutako jarrera kritiko edulkoratua ote dugu? Bakoitzak juzga beza.

Nolanahi ere, asko dira egun ezetza merezi duten gertakariak, eta bada horien gainean zer hausnartu. Alde horretatik, baliabide estetiko aipagarriak eta esangura intelektual nabarmena —arteari eskatu beharreko bi baldintzak— maisuki konbinatuz, ikuslea asaldatzea lortzen du Sierrak, bi hizki soilekin asko esaten baitu. Behin mostra ikusita, bisitariak ere badu zer esanik: EZ?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.