Artea
'Kontraindarkeriak'. Askoren artean.
Non: Donostiako Koldo Mitxelenako erakustaretoa.
Noiz arte: 2011ko otsailaren2ra arte.
Komunikabideek Kontraindarkeriak aurkeztu zutenean, ikusleak jasotzen zuen inpresioa, artearen ikuspuntutik hartuta, zerbait kezkagarria zen. Izan ere, «indarkeria matxistaren aurkako eredu» bezala definitu zuten askok, erakusketa baten ordez manifestazio bat balitz legez. Izan ere, horrelako informazioaz, batek pentsa lezake emakume jipoituen testigantzak eta bestelako lan norabide bakarrekoak aurkituko zituela Koldo Mitxelenan.
Aldiz, maiz gertatzen den bezala, irudi hori sinplifikatua zen, arazoaren benetako konplexutasuna aztertu beharrean, «bai» edo «ez» dikotomian giltzapetuz analisi sakonak. Piedad Solans komisarioak teoria feministatik eraikitako planteamendu zabala eskaintzen du ordea, bikoteetako indarkeria sintomatzat hartuz, eta gizartearen oinarrizko antolakuntzatik ematen den emakumearen kontrako indarkeria barneratua (fisiko, psikologiko eta soziala) alderdi desberdinetatik irudikatuz.
Bada, indarkeria matxista deritzona kondenagarria bada ere, askotan gai hau tratatzeko moduak benetako arazoa ezkutatzen du: indarkeria hori burutzen dutenak ez direla gizartearen bideetatik aldendu diren soziopatak, baizik eta gure gizarteak igortzen dituen sistema estruktural sexistak bereganatu eta indarkeriaz gauzatu dituztenak. Eta, egun, estruktura lazgarri sakon eta ezkutatu antzekoak gizarte erlazioen oinarri garrantzitsua direla oraindik.
Erakusketa funtsezko indarkeria horren konplexutasuna esplizitatzen saiatzen da. Zenbait metaforikoak dira, Cristina Lucasek, Askatasuna herria gidatzen pinturatik hasita, emakumearen errepresentazioa eta errealitatea aldez alde jartzen dituenekoa, edo Nazan Azeriren Nire amaren ezkontza soinekoa lan eder eta poetikoa, esaterako; beste batzuk lan munduko diskriminazioa eta gehiegikeria onartuetan oinarritzen dira, Coco Fusco edo Teresa Serranorenak esaterako. Badira ere inplizituki igorritako tradizioekin lotzen direnak, Beth Moyses edo Sukran Moralenak bezala. Honi guztiari komiki bilduma oso interesgarria gehitzen zaio.
Hala ere, badira, egoeraren ikuspegi kritikoa eskaintzeaz gain, jarrera eraldatzaileak erakusten dituzten lanak ere: Azucena Vieitesen marrazkiek emakume izatearen aukera apurtzaile eta berritzaileak ekartzen dizkigu; edo Alicia Framisen Antidog seriearen hiru bideo. Hauetarako, txakurren hozkadak, balak eta kolpeak gelditzen dituen material berezi batez emakumeentzako mota desberdineko trajeak sortzen ditu Framisek, segurtasuna eta edertasuna ironikoki elkartuz. Bideorik erakargarriena beharbada Copyrighting unwanted sentences dugu. Honetan, jantzietan emakumeon kontrako ahozko indarkeriaren hainbat esaldi inprimatzen dira, copyright zeinua hauei erantsiz, orain artistaren jabetza izanik, gizonezkoek erabiltzeko eskubiderik izango ez balute legez. Existitzen diren errekurtsoen apropiazio metaforikoaren erakusle ederra, alegia.
Beste lan aipagarria Stefan Constantinescuren eskutik datorkigu, Troleibuzul 92, eta bi ezaugarrirengatik da azpimarratzekoa. Batetik, gizartearen beldurra, isiltasuna eta pasibotasuna erakusten dituelako. Errumaniako autobus batean gizon bat jende artean eseri, sakelakoarekin dei bat egin eta bere bikotea mehatxatzen hasten da. Bere hitzak gero eta bortitzago bilakatzen dira, etxerako bidean dela eta iristerakoan akabatuko duela behin eta berriz errepikatuz. Jazarlearen jarreran —deia moztu bezain laster berriz ere deitzen dio—, eta emakumea histerian erortzen ari dela entzuten dugu —«Utzi negar egiteari, urduri jartzen nauzu», «isildu zaitez, ez zaizu ulertzen»—. Bitartean, bere inguruko pertsonen artean ezinegona nagusitzen den arren, inork ez du autobusetiko jaitsiera oztopatzen. Denori zuzentzen zaigun kasua da, gogorra eta deprimentea izanik ere.
Baina bestetik, aipagarria dugu Constantinescu erakusketako gizon bakarra dela, eta hori ez dago komisarioaren balizko baiezko diskriminazio bati lotuta, feminismoarenganako interesa nagusiki emakumeona izateari baizik. Izan ere, askok uste dute, sinplistikoki berriz ere, emakumeon aurkako indarkeria emakumeon arazo bat dela, aldiz, gizarte osoarena denean. Bitxia da zenbat artistakeskaintzen duten demokrazia, gerra, globalizazioaren esplotazioari buruzko ikuspegiak beren lanetan eta, aldi berean, gogoeta feminista «panfletariotzat» hartzen duten. Alde horretatik, Solansi onartu beharko zioten feminismotik egindako erakusketak gogoetara bultzatzen duela, eta ez kondena soil eta hutsera. Tamalez, pertsona askok nahiago izango dute Rekaldeko Fazal Sheikhen erakusketa ikusi, eta emakumeek Indian eta umeek Rwandan jasaten duten egoerari buruz larritzea, kondena argi batean, edo manifestaldietara jotzea hurrengo emakumea hiltzen dutenean, bere inguruan ematen diren bidegabekeriei buruz sakonkiago pentsatu behar izan gabe, «bai» eta «ez» «zergatik» baino errazagoak direlako. Erosoago delako urrun begiratzea, geure buruari buruz galderak egiten hastea baino.
Kritika
Galderarik zailena, zergatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu