KRITIKA. Gasteizko 46. Jazzaldia

Gasteizko Jazzaldiaren karraska

Ioritz Retana
2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun

Jazza Parkean, Jazza Kuadrillan eta Jazz Up!

Taldeak: Swing Shot, Iosu Izaguirre Sextet, The Skatalites, Escrich-Gimenez Duo, Adrian Royo Trioeta Edder, besteak beste.Lekuak: Gasteizko Prado parkea, Zurbaoko Otazu jauretxeaeta Gasteiz erdialdeko kaleak. Egunak: Uztailaren 1a, 2a eta 3a.

Gasteizko 46. Jazzaldia abian da! Goi mailako ohiko egitarauak nobedade batzuk dauzka aurten: Arabako kuadrilletara zabaltzen hasia da festibala, eta, gainera, Gasteizko kaleetan inoiz baino doako kontzertu gehiago egongo dira.

Goiz hasi da aurten Gasteizko Jazzaldia, uztailaren 1ean, Prado parkean, egun osoa hartu zuten askotariko kontzertuekin, eguerditik abiatuta gauerdia igaro arte. Luis Aranburu eta Jesus Guridi kontserbatorioetako bertako musikari gazteek bazkalordua bikain girotu zuten. Askotariko musika izan zen: Swing Shot lindy hop dantza estiloan aritu zen, eta Iosu Izagirreren seikoteak Charles Mingus ospetsua omendu zuen. Saio nabarmenena The Skatalites talde jamaikarrarena izan zen; lagun mordoa pilatu zituen Prado parkean, eta bildutako guztien gorputzak sutsuki astinarazi zituen. Ska musika estiloaren sortzaile harroak dira: 1964an sortu zuten taldea, eta Gasteizera jatorrizko taldekideekin etorri ziren, baita kide berriekin ere.

Uztailaren 2an, igandean, jaialdia Arabako kuadrilletara zabaltzeko asmotan, Gorbeialdea-Zuia kuadrillan azalberritu zen, Zurbao herrian, hain zuzen. Gasteiztik oso hurbil badago ere, Arratzua-Ubarrundiako Udalak opari bat eskaini zien hara joandakoei. Marcelo Escrichek (kontrabaxua), Luis Gimenezek (gitarra) eta Javier Garaialdek (saxoak eta klarinetea) osatutako trioak emanaldi goxoa eskaini zuten otazuarren jauretxean. Eraikin horretan egindako lehenengo herri ekintza izan zen, udalak berriki eskuratu baitu.

Jaialdiak aurrera egin zuen astelehenean, Principal antzokiko kontzertuen egitarauarekin. Adrian Royok (pianoa) abiatu zuen zikloa, Gonzalo del Val (bateria eta perkusioa) herrikidearekin. Manel Fortia (kontrabaxua) da hirukotearen beste hanka, eta elkarrekin osatu dute bertan aurkeztutako lana, haiek grabaturiko lehena: Pangea diskoa. Artistaren bizipen xumeen sorta azaltzen da bertan. Trebetasun musikalaren erakusgarri bada ere, karisma gutxiko istorioak kontatzen ditu, beharbada, gazteak.

Halaber, Gasteizko erdialdeko kaleetan ere jazza piztu zen, eta piztuta dago. Jazz Up! izeneko jaialdiaren atal honek tokian tokikoa kontsumitzea du xede, bertako musikari trebeenak bilduz, agian etorkizuneko musikari ospetsuen hastapenei ongietorria eginez. Edder hirukoteak Foru plaza argitu zuen Uxue Plagaro zumarragarraren ahots melodiko paregabearen eskutik. Toni Santamartak (gitarra) eta Inhar Valek (tronpetak) osatutako taldearen errepertorioa aberastasun liriko eta erritmiko latinoamerikarrez josita dago, eta, jazzaren perspektibatik abiatuta, boleroak eta abesti tradizionalak berrikusten dituzte. Aurkikuntza eztitsua!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.