Artea. Kritika. Artea

Gazteak ate-joka

Miriam Isasiren lana ETAren ikonografiarekin jolasten da. M. RAMIREZ / ARP.
2013ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Ertibil Bizkaia 2013

Lekua: Rekalde aretoa. Bilbo.Noiz arte: ekainaren 30era arte.

Urtero bezala, iritsi da aurten ere Ertibil Bizkaia 2013. Beste probintzietan gertatu ohi den bezala— Gipuzkoako artista gazteen lehiaketa—, besteak beste, Ertibil lehiaketak Bizkaiko artista berrien hautaketa bat aurkezten du, eta, kasu honetan, gazte hitza bereziki azpimarratu beharrekoa da, oso gutxi baitira 30 urte bete dituztenak.

Lehiaketak 31. aldia bete du, eta deialdira 115 artistaren 165 artelan aurkeztu dituzte. Artiston hautaketa egiteko, Ertibil Bizkaiak epaimahai ezin hobea izan du: Petra Joos, Guggenheimeko museo ekintzen arduraduna; Ismael Manterola, Artearen Historiako irakaslea; Alicia Fernandez, Rekalde aretoko zuzendaria; Ane Salaberria, Koldo Mitxelena Kulturguneko aretoko zuzendaria; eta Jaime Cuenca, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta arte kritikoa. Guztien artean 17 artistaren lana hautatzea erabaki zuten, eta hiru izan ziren sarituak: Patrick Grijalvo (lehen saria), Amaia Gracia (bigarrena) eta Jose David Romero (hirugarrena).

Ikusle moduan, hautaketa ona iruditu zait. Eskultura, argazkia, arte kontzeptuala, pintura, marrazkia eta bideoa nahasten dira hainbat espaziotan, eta Bizkaiko artista gazteen maila altua dela erakusten du. Ikusi besterik ez dago artelanek daukaten aurkezpen maila. Askotan, alderdi horri ez zaio behar duen garrantzia ematen, eta kontzeptualki nahiz prozesuan oso interesgarriak diren lanei aurkezpen egoki bat bilatzeko orduan erdibidean gelditzen dira. Hau ez da hautatutako lanen kasua, eta sarituak izan diren lanen aurkezpena aipatzekoa da.

Patrick Grijalvoren (Bilbo 1984) Interbellum argazkian oinarritzen da. Irudiaz gain, materialaren lanketa prozesua erakusten da bertan, arkitekturaren eta formaren berrantolaketa bat planteatzen duena. Irudiaren zati ezberdinen antolaketa berri horrek bi eta hiru dimentsioen arteko nahasketa bat eragiten du, sortutako egitura hau eskulturara gerturatuz. Bestalde, Amaia Graciak (1984) Guia Montaña artelana aurkeztu du, mendia eta mendizaletasunaren ideiaren inguruan eraikitzen dena. Zuri-beltzezko mendi gailurreko ikuspegi baten azpian beira-arasa beltz bat dago, eta horren barnealdean, mendizale baten irudia gordetzen duen domina bat. Barneko pentsamenduak gordetzen dituen lana da, kontzeptu eta sentimendu immaterialen pertzepzioa aurkezten duen instalazioa. Hirugarren saritua Jose David Romeroren (1988) The martyr is not present artelana izan da, eta artelan horrek diseinua eta kontzeptua lantzen ditu, gaur egun nerbio sisteman eragina duen Atarax medikamentuaren diseinua kopiatuz. Botikaren tamaina handiko kopia batzuk aurkezten dira, gaur egun farmazietako apaletan kokatu ohi diren moduan. Diseinu horiek, berriz, berezitasun bat daukate, eta kristautasuneko santuen martirioarekin eta 60-70eko hamarkadetako gorputz artearen mugimenduarekin harremantzen dira; Marina Abramovic, Chris Burden eta Gine Pane artistekin zehazki.

Hiru sarituez gain, badaude azpimarragarriak diren beste hainbat lan. Julen Agirreren (1984) Centrale XII / XIII lanak marrazki geometrikoa formadun egurrezko marko muntaketa berezi batekin nahasten du, eta emaitza bikainak lortu du. Sarah Rasinesen (1983) Choke Back soinu eskulturak, berriz, materialak, forma eta argia soinuarekin elkartzen ditu, estetikoki interesgarria eta aldi berean misteriotsua den multzo batean. Miriam Isasik (1981) Reconocible/imitación lanaren bitartez eszenografia jakinek ikuslearengan daukaten harremantze ahalmena lantzen du. Bertan, ETA-ren komunikatuen eszenografiaren aurkezpen faltsu bat ageri da, jatorrizkoetara gerturatzen diren ikur eta sinboloen kopia faltsuekin eszena berri bat eraikiz.

Artelanen hautaketa eta aurkezpenetik kanpo, eta Ertibil Bizkaia bezalako lehiaketen muinean sakonduz, bestelako pentsamenduak datozkit burura: egokia al da mota honetako hautaketak urtero egitea? Argi dago artista gazteen ikuspegitik oso interesgarria dela; ez dezagun ahaztu, beste kasuetan ez bezala, Ertibil Bizkaian hautatutako guztiek 2.000 euroko saria jasotzen dutela, sarituak izan ala ez. Aldiz, hautaketa urtero egiteak haren garrantzia murrizten duela iruditzen zait, eta lehiaketa bi urtean behin edo lau urtean behin egingo balitz, jasoko lukeen garrantzia bestelakoa izango litzatekeelarik. Horrela, agian (agian ez), artista helduago eta artelan landuagoak ikusteko aukera izango genuke, Bizkaiko artista belaunaldi berrien maila beste era batean neurtzeko formatu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.