Verve eta Le Marchepied
Lekua: Donostiako Gazteszena.Eguna: Apirilak 9 eta 10.
Dantzaz elkarteak antolatuta, Luhusoko Harri Xuri antzokian eta Donostiako Gazteszenan erakutsi dira Dantzaz Blai topaketetan izandako konpainien lanak. Luhuson Dantzaz konpainiaren Mintzo —orriotan aspaldi iruzkindua— eta bi talde gonbidaturen lanak eman ziren. Donostian, berriz, kanpoko bi konpainiaren lanak ikusi dira, eta ostiralean Jorge Jauregik zuzenduriko tailerraren emaitza plazaratu zen Bulebarrean.
Ingalaterrako Verve konpainiak lau koreograforen egitarau oparoa aurkeztu zuen, nahiz eta antzekotasun harrigarriak izan ziren lauren artean, mugimendu-diseinuari, musikari eta argiztapenari dagokienez. Egitarau aldaketa baten ondorioz, lehen pieza esku-programako hirugarrena izan zen —Peter Mikaren Dual Formula—, eta dantzariek dentsitate handiko koreografia baten planteamenduan murgildu gintuzten, amets-sinbolismo iluneko eremuetatik ibiliz, ñabardura askotako koreografia konplexua eratuz eta, amaiera alderako duo zoragarriarekin, gu guztion emozioa igoaraziz.
Gainontzeko hiru lanetan antzeman genuen lehendabizikoan erakutsitako mugimendu kalitate bikaina eta barne dentsitatea. Deborah Johnsonen Unspoken-en aipagarriak iruditu zitzaizkidan bat-bateko abiadura aldaketei emandako garrantzia eta edozein pronostikoren kontra etengabe gauzatzen ziren harreman igarri ezinak. Charles Unehan-en Cascade-tik, ordea, samurtasun tormentatuko une bakanak gordeko ditugu, eta baita ere mugimendu hipnotikoko pasarteak, hala nola mutilak bere inguruan etengabe bueltaka zituen hiruzpalau emakumeren irudi polita. Azkenik, Ben Wright-en Forces-ekin garai bateko gazteluetako terrore giroa bizi izan genuen, hainbat eszena artegagarriren bidez.
Suitzako Le Marchepied dantza ikastegiak, berriz, bere ikasleek sortutako lan pare bat ekarri zuen. Esperimentazio kutsukoak izan ziren biak, eta gazteengan ohikoa den kemenarekin aurkeztu zituzten, baina emaitza nahasia izan zen, eta urrun geratu zen benetako lan koreografikoen sendotasunetik.
Kritika. Dantza
Gaztetasunez blai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu