KRITIKA. Musika

Gerra ostekoak, aurrekoak eta bitartekoak

Kian Soltani biolontxelista, artxiboko irudi batean. KURSAAL ESZENA.
2023ko urriaren 31
00:00
Entzun

Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Cristian Macelaru. Biolontxeloa: Kian Soltani. Egitaraua: E. Elgarren Biolontxelorako kontzertuaeta S. Rakhmaninoven 3. sinfonia.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: urriak 28.

Koloniako katedralaren ondoan dago Kolner Philarmonie kontzertu areto itzela, Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoaren egoitza. Zehazki, auditoriuma Heinrich-Boll plazaren azpian kokatzen da eta, horregatik, kontzertua dagoenean plaza itxi behar izaten dute, hura zeharkatzen duten oinezkoen pausoak barrutik ere entzuten baitira. Ez dago zalantzarik orkestra hau inolako interferentziarik gabe entzuteko behar beste neurri hartzea erabaki zuzen bakarra dela.

Elgarrek ezagutu zuen mundua birrintzen ari zen Biolontxelorako kontzertua idatzi zuenean, 1919an. Lehen Mundu Gerrak utzitako milioika hildakoen kontzientzia eta bere emazte eriaren oinazeak gogoan, esan omen zuen «ona, atsegina, garbia, freskoa eta goxoa den oro urruti» zegoela, eta ez zela «inoiz itzuliko». Kontzertu honek badu, hala ere, nahigabearen eta edertasunaren artean zubiak eraikitzea posible dela sinetsarazteko gaitasuna. Hori lortzeko giltzarriak izan ziren Kian Soltaniren tinbre borobil eta argia, eta orkestrak duen trebezia dinamikak garatzen. Lehen mugimenduaren lirismoan, Adagio zirraragarriaren esaldi zabaletan zein Finale-aren gai kementsuetan eta biolontxeloaren oroipen tristeetan, Macelaruren batuta zehatz eta malgua ere garaile atera zen.

Sergei Rakhmaninoven 3. sinfonian, hala, orkestrak lehen zatian erakutsitako trinkotasun, bizitasun eta ñabardura sotilak gorenera iritsi ziren. 1936koa, estreinaldian ez zuen lortu nahi beste arrakasta, eta, dena den, partitura bizia da, bere aberriaren oroitzapenez blaitua. Harpa, tronpa eta biolinaren irekiera Adagio ma non troppo-an ez da aise ahaztuko den unea, ezta haizeen doitasun eta kolore distiratsuak han eta hemen ere, fagotaren eta klarinetearen egundoko parte-hartzeak nabarmen. Azken Allegro-an ere batuta beti fin, orkestra organikoa indarrez eta tentuz gidatuz. Vocalise bisa amaiera bikaina izan zen.

Bi obrak idatzi zirenean bezala, errealitatea gainera datorkigu egunero, baina musikak irauten duen bitartean, badirudi munduaren plaza itxi egiten dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.