'Ispilu biluziak'

Geure ifrentzu ote gara?

Idazlea: Edu Zelaieta. Argitaletxea: Pamiela.

2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Ispilu biluziakazken poesia lanean Edu Zelaietak (Gasteiz, 1973) poesiaren alderik narratiboena jorratu nahi izan du. Apika, aurreko lanetan egotzi ohi dioten larregizko lirikotasunaren zama gainetik kendu nahian, —«Akusatu izan zaituzte/ -ozenki eta seinalatuz-/ sobera liriko jokatzeaz...»—, poesiaren alderik deskriptiboena landu du. Eta, gehienetan, ondo gainditu du poetak nagusiki bere buruari luzatu erronka. Alta bada, zenbaitetan narratibitate horrek berak lehortu egiten du poesiaren iruditeria, eta kronika soilaren zirrikituetan erortzeko tentaldiak ugariak dira, baina, finean, ez du kaltetu ahots poetikoaren xedea.

Originaltasunaren eredu izan ez arren, irudi arras erabilia baitarabil ispiluek (non hago Borges?) islatzen duten errealitate-pertsonalitate distortsionatuaren berri emateko, Zelaietak proposatzen dizkigun ikuspegi poetiko ezberdinek, zu, hura, eta ni, geure baitako pertsonalitate kaleidoskopikoaren gainean ari zaizkigu. Hala bada, Gasteiz gisako hirietan edo espaloietan bizi garenon kontraesanez betetako potreta izan nahi dute ispiluok.

«Ez omen dute gezurrik esaten eskuko ispiluek/... Denetan leialenak dira eskuko ispiluak,/egia osorik eskaintzen ez badute ere». Poetak ez du behar, ezta nahi ere, egia osoaren berri ematerik. Egia poetikoa ez baita existitzen. Zertarako behar dugu, bada, benetako historia? Historiagileek ere historia bera ukatzen duten garai honetan are gutxiago behar ere.

Zelaietaren aitaren desagerpenarekin batera, Zelaieta semea aita bilakatuta dagoeneko, izan zuen esperientzia epifanikoa du ardatz liburuak. «...dolu sortzaile bat opa diat, hi horretarako ona haiz eta» opa omen dio lankide batek, poeta pixa egitetik lababora zihoan unean bertan. Nonbait, poetak edozein egoeratan sortu behar duela aldarrikatzen duen mitoa ironiaz desmuntatu nahian. Sortzeko madarikazioaren zama ezin gainetik kenduta ibiliko da hurrengo asteetan sortzailea. Dolu sortzailea iragan ondoren bi orrialdeko poema agertuko da, zorrak kitatzearren edo. «Halako batean, azkenik, bi orrialdeko poema eman nion/ eskura, eskaintza pertsonalizatu batekin, harekiko zorra eta izena/ agerian uzteko asmoz...».

Apika, poemarioan huts egiten duten poemak aldarrikatzaileenak dira, hala nola Itziar (belarrimotz izan nahi duen emakume euskaldun baten erretratu lar naifa, zerbait esatearren) edota Harea-erlojua, Mamadou izeneko etorkin baten gaineko kronika oso azalekoa eta ez lar lortua.

Zelaietak, ene ustez, bere kontraesanen geruza azaleratzen saiatzen denean ematen du onena, poesiarik pertsonala mindura neurtuaren azazkalekin ehuntzen duenean. Kolpe poetikoak lortuagoak iruditu zaizkit, norberaren existentziarekin eraiki jauzi dialektikoan. «Ez gaitezen engaina, ordea:/ deus gutxi daki burokraziak/ geure izenen benetakoaren kontra». Eta ezer gutxi dakigu guk, gaineratu liteke, gure benetako izaeraren gainean. Horretarako daude benetako poetak, lirikotasuna edo narratibitatea aukeratzeak ez du lar garrantzirik kalitatezko lanak ontzen badira. Zelaietak bere baitako ni, zu, hura ezberdinak biluztu ditu poesiarekin bera biluzteko. Zenbait asmo handiko gorabehera direla tarteko, lortu duelakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.