Antzerkia
'Espazio hutsak'
Jatorrizko ideia: Arantxa Moñux. Musikaria: Iñaki Santos.
Antzezleak: Arantxa Moñux, Kristina Ropero, Maria Alonso.
Lekua: Viktoria Eugenia Klub aretoa (Donostia).
Eguna: Otsailak 3.
Ikuskizunaren hasieran «Gure ametsak paradisua ziren» entzuteak berehala eraman gaitu Amaia Lasaren mundu poetikora, eta hiru antzezleak oinutsik ibiltzeak beste ezerk baino hobeto adierazi du haren poesiak lurrean errotuta dituela oinak. Izan ere, Espazio hutsak emanaldiak asko du poesiatik eta asko antzerkitik ere, eta Higa Antzerkia konpainia sortu berriak Lasaren poetika eszenaratu du hiru emakumeren gorputz, mugimendu eta ahotsen bidez.
Lasaren poemak emakume-ikuspegitik idatzita daude, baina ez dute ezinbestean emakumeaz hitz egiten: batzuetan emakumeen sentipenak aztertzen ditu egileak, baina giza sentimenduak mugiarazten ditu guztietan. Eguneroko bizitza plano jasoago batean kokatzen du, eta naturaren elementuak ugariak dira bere erreferenteen artean. Koldo Izagirreren esanetan, «bere poesia fundazionala da (...). Bera da gure literaturaren lehen emakumea, berak dakarrelako lehenengoz emakumea gure letretara».
Hitzen edertasun soilari forma fisikoa emateko oso dramaturgia arina eta aratza eratu du taldeak Mercedes Castañoren zuzendaritzapean. Praka eta alkandoren kolorea zuria izan da, eta baita ere hiru eserlekuena eta larruzko hiru poltsena. Eszenako bazter batean zegoen musikaria, ordea, beltzez jantzi da eta oso paisaia aberasgarria sortu du akordeoi txikia, xilofono metalikoa, saxoa, bateriako platertxoa eta beste soinu askoren bidez.
Bitartean, hiru antzezleek beren presentzia landuarekin eta jarrera delikatuekin eraman gaituzte olerkiek zabaldutako lurraldeetara, eta pasarte batzuetan dantzatik hurbil egon dira hiruren artean sortutako giza konposizio indartsuak. Bestetik, nabarmentzekoa da ahalegin berezia egin dela ahoskerari erabateko garbitasuna emateko. Horrela izanik, ikusleak erraztasun osoz jabetu dira hitz bakoitzaren esanguraz, eta burua eta bihotza libre eduki dituzte testu bakoitzaren sakontasunean murgiltzeko.
Kritika
Gure ametsak, paradisu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu