Kritika. Musika

Gustagarria oso

Arkaitz Mendoza.
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
EOS

Zuzendaria: Andrei Boreiko. Bakarlaria: Branford Marsalis. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Apirilaren 14a.

Entretenigarria izan da oso EOSekoekegitaratu dutena. Sekula imajinatuko ez luketen egitarau bitxia irudikatu eta aurrera eraman dute Boreikoren zuzendaritzapean. Bertan denetik entzuteko aukera izan da: musika klasikoan hain gustagarri diren obra eztandatsuak, Dvoraken bitartez; saxofoi instrumentua bakarlari gisa dastatzeko jakia, Glazunoven bidez; jazz kutsua, Schulhoffen maisutasunaren bidez, eta Ravelen obrako melodia hunkigarri eta gozoak. Lehengai pila. Denak saltsa beroan eta elkarrekin nahastean ez da nahaspilarik sentitu ez gure eztarri ez gure entzumenean.

Dvorak txekiarraren Dantza Eslaviarrak aski ezagunak dira orkestra sinfonikoaren musiketan. Aukeraketa ponpoxoa egin du Boreikok, haize sekzioak goza zezan. Emaitza bikaina izan da: orkestra, eroso Dvoraken biribiltasunean, eta denok pozik. Txalotzekoak izan dira perkusiozko plateretan entzun diren pianissimi-ak. Marsalis abizena ezaguna da haize instrumentu jotzaileen artean, baita jazz zale amorratuen hiztegian ere. Wynton Marsalis tronpeta jotzailetik gaurkoan bakarlari izan dugun Branford saxofoi joleraino. Xehetasun, leuntasun eta maisutasun handiz eskaini digu Glazunoven Kontzertua. Harizko instrumentuak soilik orkestran, eta Boreiko erne eta aske Marsalisen agerraldi bakoitzean. Udaberriko egun batean atseginez entzun daitekeen obra bat da Glazunovena.

Atsedenaldiaren ostean, berriz ere Marsalis agertokira. Schulhoffen Hot Sonate entzungai eta sokazko instrumentuak deskantsuan eta haizea partaide. Horrez gain, edozein jazz taldetan funtsezko diren oinarriak: kontrabaxua eta bateria. Lehen aipatutako otordua luzerako genuen ustez, gau izartsu bat begi bistan eta saxofoiaren kantu hotsak epeltasun giroan barneratuta. Indarra, erritmoa eta adierazkortasuna izan dira Boreikoren argibideak, Marsalis guztiz inguratuz eta emaitza paregaberantz gidatuz. Inpresionismo garaiko adibiderik azpimarragarrienetarikoa dugun Ravelen La Valse-n orkestra uholdeka higitu da, aske, jariakortasun harrigarrian, emanaldi biribil eta xelebre bat osatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.