MUSIKA. Amorante. 'Amorante'

Herria, erroa, erraiak

Andoni Tolosa.
2016ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Argitalpena: Egilea editore.

Oso laburra gertatu zait. Horixe da disko bati egin diezaiokedan laudoriorik handiena, zuzenena, baina hain laburra gertatzea ere! Hirugarrenez, segidan, entzuten ari naiz Amoranteren lehen diskoa, lehen entzuketak utzitako zapore onari jarraipena emateko, ziurrenik, eta dagoeneko laugarrenez entzuteko gogoa sortzen ari zait. Benetan, hain da fina, hain da sotila, hainbeste leku iradokitzen ditu... bost kantu oso gutxi dira. Aiba, musika pentsatu baino adiktiboagoa ote da ona denean?

Horregatik, harribitxi bat iruditzen zait disko hau. Baina ez bakarrik horregatik. Bere musika herritik, errotik eta erraietatik ateratzen dela aipatzen du Iban Urizarrek, eta hitza betetzen du. Uste dut definiziorik egokiena izan daitekeela egiten duena inori azaltzeko: herria, erroak eta erraiak. Musikalki, ez dakit, askoz ere konplexuagoa baita. Flamenkoa izan daiteke enbor nagusia, ados; nabarmen agertzen da diskoa ixten duen Otoi (mi padre) kantuan. Baina eta tronpeta kasik mariatxi horiek? Oiloarena kantuan, adibidez? Eta marinbak?Eta charangoa dirudien gitarra? Uste dut diskoko kantu batzuk badutela Hego Amerikako herri musikaren eragin nabarmena.

Benat Axiaryren itzala, zorionez, oso luzea dela erakusten du diskoa zabaltzen duen Oroimenaren fruitu iradokitzaileak. Bai, flamenkoa eta Zuberoa idatz daitezke lerro berean, inor gorritu gabe. Flamenko primitibotik zein folk barnerakoitik edaten duela dirudi Dorre baten gordetakoak kantuak, eta diskoak sakontasuna irabazten du, espazioa, lanbroa nahi baduzue. Dogmaren hasierako arpa, piano eta biolinek ezer klasikoagoa izango dela adierazten dute, baina diskoko kanturik poperoena topatuko duzu. Hori melodia ederra. Dogma guztiak horrelakoak balira.

Eta kito, amaitu da diskoa, edo ez. Kasu honetan, eta, azkenaldian gurean gero eta gehiago zabaltzen ari den jarrerari eutsiz, diskoa bera objektu eder eta desiragarria baita, musikaren lagun egokia. Postal serigrafiatuak eta origamia, diseinu-xehetasunhuts baino gehiago dira, kantu bildumaren beste atal bat. Bihozgabea behar du horrelako disko bat estimatzen ez dakienak.

Eskertzekoak dira horrelako saiakera ausartak, zarata handirik gabe zabaltzen direnak, hain hurbilak egiten direnak, esnobismo hutsean galtzen ez direnak, zentzudunak, musika esperimentalaren entzule espezializatutik harantzago jotzeko gaitasuna eduki dezaketenak. Ufa! Hau idazten ari nintzen bitartean beste hiru aldiz entzun dut Amorante... Gaixotzen ari ote naiz? Medikuak Iban Urizarren disko berri bat errezetatuko didala uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.