Donostiako 71. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Irakasleen arazoak

urtzi urkizu
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun

'Un métier sérieux'



Zuzendaria: Thomas Lilti. Aktoreak: Vincente Lacoste, Adele Exarchopoulos. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 111 min.

Baionakoa da Pierre Etxebarria irakaslea, eta oporrak Miarritzeko (Lapurdi) hondartzan pasatzea maite du. Bon vivant bat dela esan daiteke. Bere auto zaharrean beste irakasle batzuk tren geltokira gerturatzen ditu eskolatik irtetean, eta irakasle horiek kezka ugari dituzte. Haietako batek aipatzen du opor luzeak izaten dituztela irakasleek. Un métier sérieux filmak, dena den, erakusten du ikasle nerabeekin gatazka zailei aurre egin behar izaten dietela irakasleek.

Ez da azken urteetako kontua soilik: Frantziako zinemagintzan maite dute hezkuntzaren bueltako pelikulak egitea. Badira makina bat harribitxi irakasleen eta ikasleen gorabeheren gainekoak. Thomas Lilti zinemagilearen film hau ez da sartuko sorta horretako onenen artean, baina badu interesa, eta gaur egungo irakasleen erretratu fikzionatu gisa nahiko txukun funtzionatzen du.

Benjamin izeneko irakasle gazte batek matematika eskolak ematen ditu. Eta ikasle bat oldartzen zaionean, egoera korapilatu egingo da. Irakasleen eztabaiden ostean, eskola kontseilura iritsiko da mutikoaren auzia. Beste une batean, emakumezko irakasle beteranoago batek egin beharko dio aurre klasean sorturiko egoera zail bati. Gaur egun institutuetan gertatzen diren egoerak dira, irakasleek egoki kudeatu behar dituztenak, eta alde horretatik, filmak ispilu interesgarria eskaintzen du.

Aktoreen lana balekoa da. Haien artean bat nabarmentzekotan, Adele Exarchopoulosena aipa daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.