KRITIKA. Literatura

Izenak eta izanak

Joe Saccoren 'Palestina'
Joe Saccoren 'Palestina' komikiaren azala.
2023ko abenduaren 17a
05:30
Entzun

'PALESTINA'

Egilea: Joe Sacco. Itzultzailea: Julen Gabiria. Argitaletxea: Astiberri.

«Espero dut obra hau ez dela soilik Estatu Batuetako irakurleen esku jarriko, ezpada mundu osoko irakurleenetan»; halaxe diosku Edward Said-ek Joe Saccok idatzitako (testu zein irudi) Palestina komiki-seriearen hitzaurrean. Bada, Julen Gabiria bezalako itzultzaile fin eta Astiberri bezalako argitaletxeei esker, posible izan da Saccoren idatzi eta ilustrazio bilduma hori berori Estatu Batuetatik Euskal Herrira garraiatzea. Azkenaldi honetan maiz entzun dugu Ekialde Hurbileko herrialde horren izena, baina esango nuke ez dugula gehiegitan entzun, ez palestinarrek bizi duten egoera latzak merezi duen beste, behintzat. Eta horretara dator Joe Saccok ondutako komiki-bilduma, sionismoaren eta okupazioaren biktimek bizi (izan) duten egoera ikusgarri egitera eta sarraski hori salatzera.

Jatorrizko testua 2001ean argitaratu bazen ere, guztiz egungoa den auzi bat dakarkigu obrak, ia 300 orrialde osatzen dituzten bederatzi ataletan, israeldar okupaziotik gaur egunera arte, palestinarrek etenik gabe bizi duten jazarpenaz, biolentziaz, sufrimenduaz, gorrotoaz mintzo zaigun heinean. Hori guztia kontatzeko erregistro errealista batetik dihardu autoreak, bai letra bai marrazki. Izan ere, komikia izanagatik, irakurleak ez du aurkituko fikziorik, benetako izen eta bizipenak baizik, benetako testigantzak eta argazkiak. Zuritik beltzera doan espektro kromatikoa nagusitzen da testigantza eta paisaia errealei gorputza emateko, eta komikiari darion errealismoarekin batera, autoreak horren gai mingarri eta delikatua bere gordinean kontatzea lortzen du orriz orri, errespetuz eta enpatiaz beterik. Izan ere, iruditzen zait kolore bizirik ez gehitzeak, errealitatera makurtzeak eta soberako detailerik ez gehitzeak, enpatia eta begirunea erakusten diela, hain zuzen ere, kolorerik eta dekoraturik ez duten minei eta bizitzei, bakoitzaren bizipenak diren-direnean erakutsi nahi izango balitu bezala. Horra hor gehien estimatu dudan alderdia.

Testigantza erreal bezala asko gustatu zaidan arren, eta halakoak jazarritako ahotsei espazioa eta ikusgarritasuna emateko behar-beharrezkoak direla sinetsiagatik, estetikoki ez zait horren interesgarria iruditu: idazleak egia horiek kontatzeko hautatu duen generoak elkarrizketa bat sortu beharko luke irudi eta hitzekin; areago, irudiek eurek istorio beregain (baina testuarekin erlazionatuta dagoen) bat kontatzeko gaitasuna izan beharko lukete, nire iritziz. Kasu honetan, baina, askotan letrek irudiei lekua kentzen dieten sentsazioa izan dut, kuantitatiboki zein kualitatiboki, hain non irudiak atzeko oihal bezala irakurri ditudan sarri, kontatu nahi duten konposizioak baino, erreportajeetan jarri ohi diren argazkiak izango balira bezala. Badira ia osorik irudiz osatu diren sekuentziak obran, oso hitz gutxirekin asko esaten dutenak, eta horiek iruditu zaizkit hunkigarrienak eta indartsuenak. Ez dut uste kasualitatea denik. Edonola ere, esango nuke Saccoren obra testigantza eta aldarri edo salaketa bezala indartsua dela, are, beharrezkoa ere, baina, nago alderdi funtzional edo soziala eta proposamen estetikoa ez daudela maila berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.