Kritika

Jatorrizkoan hobe

Agus Perez.
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Zirkua

'Balagan'

Konpainia: Cirque Style.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia.Eguna: Abenduak 28.

Aproposak dira abenduko azken egun hauek Cirque du Soleil estiloko emanaldi bat ikusteko, eta hori berori da Balagan ikuskizunean aurkitu ahal duguna: jantzi koloristak eta makillaje ausartak nonahi, zirku-ekinaldi arriskatu eta politak, azpiko argumentu moduko bat eta musika, ikusten dugunari nolabaiteko koherentzia emanez.

Hala ere, Balagan hau nahasmen handian bilduta etorri da Bilbora, eta nik uste dut haren inguruko xehetasun batzuk argitzea merezi duela, beren promozio karteletan eta guzti agertzen baita Quebeceko zirkuaren aipamena. Egia da Cirque Style konpainiaren sortzaile eta Balagan-en ekoizlea, Mikhail Matorin errusiarra, artista izan zela jatorrizko zirku garaikidearen sorkuntza bitan —Alegria eta Mystère ikuskizunetan hain zuzen ere—, baina hor amaitzen dira euren arteko loturak, eta ez zait zilegia iruditzen garai batean izandako harremanetatik oraindik tiraka jarraitzea.

Era berean, zirkua antzokietan ematen bada, ezinbestekoa da Cirque Eloize-ren eredua aipatzea, beraiek direlako areto-baldintzetara hobekien moldatu direnak. Gogoratu dezagun, adibidez, Arriagan bertan ikusitako Nebbia eta Rain zoragarriak, aurten eta iaz izandakoak hurrenez hurren. Bestetik, bitxia da jakitea Cirque Eloize ere Quebecekoa dela, baina hala ere, dudaz kanpo dago errusiar eta txinatar artisten trebakuntza, beren herrietako tradizioa eta komunismoak emandako bultzada direla eta.

Panorama konplexu horretan ematen du bere bidea bilatzen ari dela Cirque Style, baina gurera etorri den produktuak oso itxura nahasia hartu du, eta askotan bazirudien planteamendu eszeniko zamatua, musika bera eta pertsonaia onirikoen pilaketa betelana besterik ez zirela, eta saio batzuk —Cyr gurpila, txinatar haga bertikalak...— txarto dimentsionatuta zeudela. Haien artean, ordea, artista batzuek distira bereziz jardun dute eta nabarmen onak izan dira aroekin ibili den neska, gorputzen arteko oreka erakutsi duen bikote atletikoa eta, zelan ez, emanaldi osoa magiaz kutsatu duen pailazo trakets eta samurra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.