KRITIKA. Gasteizko 46. Jazzaldia

Jazz betekada Gasteizen

Silvia Perez Cruz eta bere taldea, Gasteizen, larunbatean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Ioritz Retana
2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun

Yamandu Costa; Ariel Bringuez boskotea; eta Silvia Perez Cruz

Lekua: Principal antzokiaeta Mendizorrotza kiroldegia.Eguna: uztailaren 8a.

Agertoki hutsean, mate ontzia eta termoa. Artista apala da Yamandu Costa; bere zazpi hariko gitarra tradizionalarekin bakarrik Principal antzokiko txoko guztiak bete zituen. Ohiz kanpoko teknika batez eta arintasunez mugitu zituen eskuak YouTube Sessions bere album instrumentaleko kantuak aurkezteko. Aurreko bere pieza batzuk eta hizketaldi karismatikoak tartekatuta, ez zuen entzulerik epel utzi. Kokotsaren eta belaunen artean eusten zuen gitarra, mate hurrupa bat hartzen zuen gero. Emanaldi borobila eskaini zuen Costak; pieza guztiak izan ziren bikainak, baina aipatzeko modukoak izan ziren, besteak beste, Chamamé, Samba Pro Rafa, eta, beharbada, txalotuena izan zena, Santuário.

Inprobisazio handiko pasarteen ostean, adierazpen esanguratsua egin zuen artistak: edertasuna eta pazientzia direla inprobisazioen hankak. Lehen saioan edertasuna lortuz gero, ekin eta aurrera jarraitu; lortu ezean, pazientzia baino ez da behar.

Kontzertua amaitu eta berehala, zutik jarritako entzuleen txaloek bueltan ekarri zuten Costa agertokira. Bisa eskaintzeko ohiko uneak opari sentitua utzi zuen. Elkarren jarraitzaile izan dira urteetan Costa eta Silvia Perez Cruz, baina atzo arte ez ziren inoiz aurrez aurre izan Gasteizko jaialdian zuzenean. Urduritasuna sumatzen zen, hitz gutxi esateko unea baitzen; baina bai, ordea, hitzak abesteko une aproposa. Saio hunkigarria izan zen, benetan.

Bestalde, alaitasuna inork ez bezala eraman zuen Ariel Bringuezek Mendizorrotzako eszenatokira, bere saxofoi tenorrak eta sopranoak lagunduta. Haren hitzetan, bere kultur ondarea komunikatzeko eta musika alderdi espiritualetik biziarazteko, ezinbestekoa da aurreiritzi kolektiboak, lotsa fisikoa eta kontrol mentala alde batera uztea. Nostalgia Cubana izeneko proiektu pozgarria aurkeztu zuen boskotearekin Gasteizen. Bringuezekin batera, Pablo Gutierrez (pianoa), Federico Marini (bateria), Dario Guibert (kontrabaxua) eta Javier Sanchez (gitarra) musikariek osatu zuten taldea. Konpositore kubatar askoren kantak aukeratu zituen Bringuezek, eta jazz moldaketa dotorez eta pasioz betetakoez baliatu zituen. Haien artean, Hermosa Habana izeneko danzón estiloko pieza nabarmendu zen. Entzuleak abeslari bilakatzen saiatu zen taldea emanaldian, eta arrakasta izan zuen horretan.

Halaber, Silvia Perez Cruz lagunartean aritu zen. Musikariak Toda la vida, un día izena aukeratu du bere album berrirako; bizitzaren aro desberdinen hausnarketa monumentala da diskoa, bost mugimendutan banatutakoa. Esperientzia bisuala lortzeko, aro bakoitza kolore batekin identifikatu du egileak, eta kontzertuan egitura bera erabili zuen: haurtzaro horia hasieran, gaztetasun urdina gero, heldutasun orlegia ondoren, eta zahartzaro zuri-beltza segidan. Eta azkenik, ernaberritze sutsua piztu zuen Mendizorrotzan. Artistak lehen emanaldia zuen Gasteizen, eta jaialdi osoko kontzerturik luzeena eskaini zuen, entzuleen grinagatik eta ikusminagatik. Bere kideek parte hartze bikaina izan zuten, eta Carlos Montfortekin (biolinak, perkusioa, tronpeta, teklatuak, ahotsa) dueto bat ere osatu zuen Perez Cruzek. Marta Romak (biolontxeloa, tronpeta, koroak) eta Bori Alberok (kontrabaxua, teklatuak, koroak) osatu zuten taldea.

Kontzertuaren amaierak, Costarenarenak legez, oparia zekarren. Lehenik eta behin, mezu politiko boteretsua duen Gallo Rojo, Gallo Negro ereserki ospetsua abestu zuen musikariak, askotan egin izan duen bezala. Ostean, Costari mesedea bueltatu, eta eszenatokira gonbidatu zuen; oraingoan bai, besarkada samur batez hartu zuen, eta harekin batera amaitu zuen emanaldia.

Aurten jaio diren laguntasunak laster berriro ikusteko esperoan geratuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.