KRITIKA. Gasteizko 46. Jazzaldia

Jazz freskoa, eguraldiaz harago

Ioritz Retana
2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun

Samora Pinderhughes Quintet; Brad Mehldau

Trio; eta Immanuel Wilkins Quartet

Lekua: Gasteizko Principal antzokia eta Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailak 6.

Samora Pinderhughes artista bitxia da, diziplina asko lantzen dituena. Abeslaria, pianista eta konpositorea izateaz gain, lanketa ugari egiten ditu «gizartea ezkutatzen saiatzen den gauzen inguruan». Bere proiektu bisualetatik eta filmetatik urrun, boskote honen zuzeneko emanaldiak intimitatea izan zuen ardatz. Norbere pertzepzioa eta barne elkarrizketa lantzeko eskatu zien entzuleei, eta bere buruari zuzendutako abesti poetikoak interpretatu zituen. Aitortu zuenez, eszenatokia da bere benetako izaera guztiz azaleratzeko aurkitu duen gune bakarra. Hausnarketa sakonez betetako saio bat izan zen, eta abeslariak «wellness check» direlakoak abian ipini zituen, hau da, entzuleei zuzendutako elkarrizketa txikiak, haien lanketa nola zihoan neurtzeko, sentimenak ezagutzeko. Aparteko adimen emozionalaz gain, jeinutasun musikala agerikoa zen. Boskoteko beste lagunak abeslariak ziren denak: koruak egiteaz gain, bakoitzak bere soloak kantatu zituen, saioari abesbatza tonua emanez.

Aukeratutako abestien artean, bere proiektu berrikoak izan ziren nagusi (Grief, 2022). Tartean, Radioheaden eta Clyde Otisen kanten bertsioak agertu ziren. Amaitzeko, Grief eta Forgive Yourself jo zituen, irekitako emozioen bidea zaintzeko. Bisa bere influentzia nabarmenenaren abesti ikonikoa izan zen: Nina Simoneren Black Is the Color. Bakarka abestu zuen pieza bakarra izan zen, eta ixteko modu birrintzailea.

Bestalde, Brad Mehldauren ibilbide joriak ez du mugarik ezagutu; herenegungo kontzertua ikusi ondoren, hala baieztatu genuen. 1993tik aritu da Mehldau, hainbat jazz talderen buru, diskoak kaleratzen. Kontzertuko formazioa Jeff Ballard (bateria) eta Larry Grenadier (kontrabaxua) musikariek osatu zuten: Mehldauren proiekturik mamitsuena da, 2005az geroztik dabiltza elkarrekin. Brad Mehldau Trio izenarekin kaleratutako albumetatik hartutako piezaz osatu zuten emanaldia. Gasteizen izandako txingor ekaitzaren ondorioz, uste baino ordu laurden beranduago hasi zen kontzertua, baina hirukoteak aretoan jazz aldartea jarri zuen lehen notatik, kanpokoak kanpoan utziz. Jazzeko estandar bi gehitu zituzten haien errepertorioan: Sweet and Lovely, eta kontzertuko azken kanta, Cole Porterren From This Moment On.

Halaber, Immanuel Wilkins saxofonista estatubatuarrak bere laukotearekin astindu zuen Mendizorrotza. Kweku Sumbry (bateria), Micah Thomas (piano) eta Matt Brewer (kontrabaxua) musikariek osatzen dute laukote harrigarria. Growl teknika ikaragarri ondo erabili zuen pieza askoren klimaxean, bereziki Lift izeneko konposizioan, zeinarekin saioa amaitu zuten.

Gasteizko Jazzaldiak urtero eskaintzen du Gauerdiko Jazza izeneko programazio bat, Ciudad de Vitoria hotelaren tabernan. Aurten, Aaron Diehl trioaren txanda izan da, eta, ohitura den bezala, haien kontzertua amaitzean, jam session bat hasi zen. Diehl pianistak, David Wong kontrabaxu jotzaileak eta Aaron Kimmel bateria jotzaileak osatzen dute hirukote oparoa. Herenegungo taldean, ordea, nahasketak egon ziren, interpretatutako musikaren arabera; goraipatzekoa izan zen, Mendizorrotzatik bueltan, Wilkinsen eta Thomasen presentzia. Tokiko musikariak ere batu ziren nahasketa horretara, sormenez eta zirraraz beteriko gaubeilan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.