Artea
Naia del Castilloren 'Tokialdaketa'
Non: Marzana Espazioa (Bilbo). Noiz arte: 2011ko urtarrilaren 7a arte.
Platonek, haitzuloaren mitoaz aritzean, lehen aldiz agerrarazi zuen artearen historian zehar eta gaur arte mantenduko zen errepresentazioaren inguruko eztabaida. Objektu baten irudia beti aldentzen da lehen esentziatik, zioen berak. Esentzia hori ideian bizi da, objektuaren kontzepzio abstraktuan: ideiaren egia da. Objektua bera horren adibide materiala denez, egia horren zenbateko bat galtzen du, eta are gehiago objektu horren irudiak, bigarren mailako kopia bat izaki. Ikuspegi honek garrantzi izugarria izan du arteetan, eta behin eta berriz agertu da teorian zein praktikan, garai bakoitzari egokituz. Esaterako, Kosuthen aulkien instalazioan, arte kontzeptualaren adierazgarri bihurtu dena: zein da benetako aulkia, objektua bera, bere definizioa edo bere irudia? Zenbateraino da bakoitza erreala?
Egia da espazio bat irekitzen dela objektuaren eta haren errepresentazioaren artean, eta horrek erakarri du hasieratik Naia del Castillo. 2003an Artiumen bere lehen bakarkako erakusketa aurkeztu zuenean, argazkiak eta objektuak elkarbizitzen ziren, oso pertsonalitate desberdina hartuz ordea. Beira-arasan zeuden objektu sinbolikoak, uztaia eta gezia, esaterako, altxor hauskor eta delikatu bezala ikusten ziren instalazioan; hauen atzean agertzen zen argazkian, aldiz, benetako tresna mingarrien presentzia hartzen zuten emakumearen eskuetan. Espazio bat irekitzen da, bai, pertzepzioaren leku desberdinetan ezartzen dira objektuak eta irudiak, eta Naia del Castillok beti jakin du hori. Baita bere onerako erabili ere.
Hau da berriz ere kasua, Marzana galeriara ekarri dituen Tokialdaketa mostrako lanetan ere ematen baita lan egiteko prozesuan estrategia bera. Objektuak eta irudiak kiribiltzen dira, bata bestearen espazioan sartuz, erakusketaren izenak dioen bezala, leku batetik bestera mugituz. Beste tendentzia bat ageri izan da aurretik Del Castilloren lanetan, hala sedukzio seriean nola Prado museorako egindako piezetan ere: objektu-errepresentazioaren jokoari beste buelta bat ematearren, objektuetan bestelako irudiak inprimatzen ditu, irudietan irudiak sartuz, objektuak irudietan bihurtuz eta irudiak objektu. Oraingoan, XIX. mendeko paisaia bat aukeratu dut ia sorbaldetaraino iristen diren plastikozko eskularru batzuk forratu eta ispilu batean integratzeko. Honela, objektu funtzionala eta ez erabilgarria estanpatuarekin nahasten da, elementu bakan eta berezian bihurtuz, eta erabilgarritasunaren inguruko eztabaidak piztuz.
Hala ere, orain arte aipatu duguna Naia del Castilloren teknika da, eta ez haren gai nagusia. Etxekoaren inguruan aritzen da artista, eta maiz emakumearekin lotuta dauden etxekotasunaren inguruko elementuez. Gogoangarriak dira emakumeak altzariei lotzen zizkieten tranpa finak. Oraingoan, eskularruek berriz ere etxeko espaziora gakartzate, eginbeharretara, barne espazio hau naturari aurrez aurre ipiniz. Marzana Espazioko erakusketako beste pieza garrantzitsuan, sofa baten zorroa eta honen argazkia, paisaia da orobat nagusi.
Paisaia, basoa, natura izan dira beti kulturaren beste aldean kokatu den binomioaren partaide, gizakiaren pertsonalitatea batetik bestera bultzatu eta zorabiatu duen guda intelektualean. Lauguierek lehen etxola naturatik babesteko sortu zela adierazi zuen, natura eta gizakiaren artean muga bat ezarriz, baina naturari begira; eta honela babesten da Naia del Castillo ere oinarrizko eraikuntza sinboliko horretan. Barnetik, artistak gizakiak aterpetik naturari so egiteko duen joera aztertzen du, kanpokoa eta barnekoa bateratuz. Ihesa eta erakarpena, arriskua eta erosotasuna, etengabeko guda batean aurkitzen dira natura eta etxekotasunaren artean.
Aipatutako sofak erakusten du modurik aipagarrienean joan-etorri hori: baso batean aterako argazkiek sortzen dute bere zorroa, kanpoaldea barnera ekartzen duen objektua. Espazio irekia, arrotza, dekorazio bihurtzen da leku itxi eta babestuan. Baina ondoren, objektu hori pertsona baten zorroa bihurtzen da, eta kanpora bidaiatzen du, errepresentatzen duen espazio berdinera. Barnekoa kanpoko, kanpokoa barneko, eta dena babesleku, berriz ere errepresentazioaren gaineko gogoeta dugu aurrean basoko sofaren argazkiaren aurrean. Eta literaltasuna alde batera utziz, kanpotik edo barnetik definitzen gaituena, zinezkoa dena eta bere irudia arreta puntuetan bihurtzen dira.
Ez dira gai berriak, ezta natura eta kulturaren arteko eztabaida ere, ezta errepresentazioaren ingurukoa ere. Naia del Castilloren lanak, aldiz, badu bizi garen momentuaren aura. Etxeko espazioa neoklasizismoaren gizonaren aterpea beharrean, egungo emakumearen espazio inposatua bihurtzen da. Kanpoko eta barnekoa ez da soilik mendiari begirada bat, zerk eta nola osatzen gaituen galdetzen duen ikuspegi bat baizik. Dekoratiboa izan daiteke Naia del Castilloren lana; baina dekorazioak zer esan nahi duen galdetzen duen lana ere bada halaber.
Kritika
Joan-etorriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu