Zinema
'The Fighter'
Zuzendaria: David O. Russell. Aktoreak: Mark Wahlberg, Christian Bale, Amy Adams. Herrialdea: AEB.Iraupena: 115 minutu.
Euskaldunok bertsoa nola, estatubatuarrek boxeoa hala. Kanpoko batentzat ulergaitza den grina eta pasioz bizi dute han kirol horren inguruko guztia; akaso haien agintariek dena bortxa erabilita konpontzen irakatsi dietelako. Urrunetik zaila da kolpe saldo horren erakargarritasuna non den ikusten, bi erraldoi elkarri jipoika ikustearen plazera zein den, zertara datorren horrenbeste oihu eta txalo.
Baina existitzen den errealitatea da, eta zinemak ongi aski eman du horren berri, ia-ia bere apologetarik handiena bihurtzeraino. Genero oso bat eraiki du Hollywoodek boxeoaren inguruan, filmografia bikain eta luzea du kirol horrek. Kanpotik begiratzen dugunontzat herrialdearen nortasun ikur bihurtzeraino ailegatu da. Jazza eta westernarekin batera, boxeoa kultura herrikoiaren parte bihurtu du zinemak. Ez ulertuta, ez gustatuta ere.
Horregatik, Oscarretarako bide zoroan oso ongi egokitzen da The Fighter. AEBetako irudi mitifikatu horren osagai gehienak ditu filmak: familia hautsiak, drogak eta ring gaineko kolpeak. Dena oso erakargarria... pantaila batean ikusteko. Eta, hain zuzen, horixe da filmak duen trabarik handiena, oso jakitun dela zer eta zeren antza izan nahi duen. Horrek artifizialtasun geruza batez kutsatu du istorioa, eta ez dio libreki garatzen utzi. Generoaren mugak zehazki marraztuta daude, eta zaila da oso ateratzea.
Nolanahi ere, ez dirudi David O. Russellen asmoa hori denik. Iturri klasikoetatik zurrupatu du, batere erreparorik gabe. Filmaren lehen zatian Raging Bull da erreferentziarik argiena. Bigarren partean, berriz, Russell pertsonaiekin ahaztu da eta epikaren bila abiatu da lasterka, azken emaitzaren kalterako.
Zorionez, zuzendariak jakin du aktore talde ezin hobea elkartzen eta horrek salbatu ditu istorioak dituen gorabeherak. Ekoizle izanagatik ere, Mark Wahlbergek ordainezinezko oparia egin dio Baleri, edozein aktorek nahiko lukeen pertsonaia bat. Eta Balek ez du huts egin. Baina hura bezain goraipagarria da Amy Adamsek egiten duen lana. Ea duela hiru urte Penelope Cruzek lapurtu zion saria ematen dioten.
Kritika
Kopla zaharrak boxeoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu