'Source Code'
Zuzendaria. Duncan Jones. Herrialdea. Kanada, Frantzia, AEB. Urtea. 2011. Iraupena. 93 minutu. Aktoreak. Jake Gyllenhaal, Michelle Monaghan eta Vera Farmiga.
Teknologiaren liluraren garaian, rara avis izan zen Moon. Duncan Jonesek jakin zuen —beste aukerarik izan ez zuelako— oso baliabide gutxirekin ilargian eta espazioan gertatzen zen zientzia fikzioko film bikain bat egiten. Halakoetan egin ohi denez, aurrekontu eskasia irudimenarekin estali zuen zinemagile hasiberriak. Oreka zail horretatik onik atera eta opari ederra egin zien generoko zaleei zein zinemazale guztiei.
Arrakasta izan duten artistengan bigarren lana omen da ondoren etorriko denaren giltzarri. Lehenak utzitako inpresioa berresteko balio ahal du, bestela hura itxurakeria hutsa izan zela esaten entzun beharko du berehala, ongi hasi duena hondoratzen saiatzea kirol olinpikoa izanen da aurki. Ataka horretan ekin zion Duncan Jonesek Source Code-ri, ez zuen batere erraza. Edozein zinemagile gazteren kontra izaten ahal diren aurreiritzi guztiez gain, Ziggy Stardusten itzalaren zama du zuzendariak.
Erresuma Batutik Hollywoodera salto eginda, bigarren honetan ere oreka konplikatua egin behar izan du. Source Code-ren azpitik norabide kontrajarrian doazen bi korronte indartsu daude.
Batetik, zuzendariarena dago, zinemagintza ulertzeko modu propio bat, espazio itxiak erabiltzeko gaitasun harrigarria eta gidoi on baten gainean film sendo bat eraikitzeko nahia.
Horrekin batera, beste korronte hura dago, ingelesez kanal nagusia esaten zaion hori, Hollywoodkeriak edo zinemagileak hondatzeko eskuliburua. Laburbilduz: edozein istorioan nahitaez izan behar duen ezinbesteko maitasuna harreman heterosexuala, happy end edo gutxienez sobera iluna ez den derrigorrezko amaiera eta musikaren erabilera errepikakorra une oro ikusleak sentitu behar duena adierazteko.
Borroka gupidagabe horretatik nahiko ongi aterako da Jones, kostata baina Source Code salbatzea lortuko du, dena ez da galduko malkoak euritan bezala. Sentimentalkeriek istorioaren muina zein den ezkutatzeko arriskua duten arren, denboraren bidaietan aldaera berritzailea sortu du zuzendariak. Treneko errudunaren bilaketa ziklikoan Hitchcocken eragina nabarmena da, baina horri ñabardura ilunak gehituko dizkio istorioak, eta kutxa barruko elkarrizketak eta Vera Farmigaren rol anbiguoa pelikulak dituen alderik erakargarrienak bihurtuko dira.
Kritika. Zinema
Korrontearen kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu