BOSen denboraldiko 11. kontzertua
Zuzendaria: Gunte Neuhold.
Bakarlariak: Nathalie Stutzmann kontraltoa, Andra Mari abesbatzako emakumeak eta Leioa Kantika koraleko umeak.
Lekua:Euskalduna jauregia (Bilbo). Eguna: Martxoak 17.
Behin baino gehiagotan aipatu dugu Mahlerren sinfoniek duten gaitasuna orkestraren gorputzaldia aztertzeko. Nahiz eta 3.sinfonia zailena ez izan, luzeena da, eta ez da ahuntzaren gau erdiko eztula. Oraingoan, Mahlerren froga ondo gainditu da, nire ustez, Neuholden musikaltasunari esker zein orkestra, kontralto eta abesbatzen profesionaltasunari esker.
Lehenengo atal luzea udaberriari eginiko oda da, collage musikalaren itxura hartuta, eta horretan, instrumentu-taldeen denboraz kanpokoak kenduta, orkestrak duintasunez islatu zuen udaberria pizten denekoa eta, beraz, sonata handiak ematen duena, hila dagoen materia estatikoaren eta indartuz doan martxa dinamikoaren arteko oposizioa adierazteko. Lan handia egin zuten orkestrako kide eta bakarlariek erritmoak, lirismoa eta tonu-kontrasteak ondo egiteko.
Aldiz, hurrengo bi mugimenduak guztiz lasaigarriak dira; loreek zein animaliek izadia okupatzen dutenekoa azaldu nahi dute. Batean, menueto-an, harizkoak eta haizezkoak hobeto kontzertatu ziren; bestean, scherzando-an nabarmentzekoa izan zen postiloizko tronpak eszenatik kanpo jo zuen joaldi luzea, ironiaz beterik.
Baina Mahlerrek ahotsak behar zituen dramatismoa emateko, eta Nietzcheren testua jarri zuen kontraltoaren ahotsean, gizatasunaren betikotasuna abesteko lirismoaren barnean. Oso atsegina Stutzmannen ahots tinbratua eta ziurtasuna bertso laburretan. Beste horrenbeste egin zuen egileak bosgarren mugimenduan Paradisua laudatzeko, emakumeen eta umeen abesbatzen bidez. Errenteriakoek eta Leioakoek ongi uztarturik ahoskatu zuten Urrezko adarra-ren poesia. Seigarren mugimenduan, harizkoek adierazkortasunaren eta dinamikaren arteko kontraste politak egin zituzten Mahlerren betikotasuna erakusteko, Neulholden zuzendaritza bikainaren eskutik.
Kritika. Musika
Mahlerri azterketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu