KRITIKA. Gasteizko 46. Jazzaldia

Mendizorrotzako agertokiaren lehen betealdia

Baldo Martinezen kontzertua, herenegun, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Ioritz Retana
2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun

Moises Sanchezeta Marco Mezquida; Baldo Martinezen seikotea; eta Maria Schneider & The Oslo Jazz Ensemble

Lekua: Gasteizko Principal antzokia eta Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailak 5.

Ariketa bitxia: bi piano aurrez aurre kokatzea, Marco Mezquidaren eta Moises Sanchezen ahotsek bat egiteko. Buruz buru aritu ziren bi lagunak, festibalaren memorian iraungo duen arratsaldean. Pianista ospetsuek elkar ulertze arin eta dotorea erakutsi zuten Principal antzokian. Hain zuzen, Gasteizko jaialdian ezagutu zuten elkar orain dela urte gutxi, Sanchezen ikuskizun batean. Bertan sortu zen dueto honen ideia, eta zilegi zen Gasteizera bikote moduan bueltatzea. Kontzertua Sanchezen konposizioekin hasi eta Mezquidak sortutakoekin amaitu zen. Guztien artean, bigarrenaren Siempre Calma goraipatu nahiko nuke: pieza monumentala da, bai luzeran, bai kalitatean.

Mendizorrotzako agertokiko aurtengo lehen kontzertua, berriz, askotariko musikariz osatutako Baldo Martinezen seikotea izan genuen. Martinezen gidaritzapean aritu ziren Joao Barrada (akordeoia), Julian Sanchez (tronpeta), Juan Saiz (txirula eta saxoak), Andres Coll (marinba eta bibrafonoak) eta jaialdian jada aritu zen Lucia Martinez (bateria). Música Imaginaria izeneko proiektua mustu asmoz etorri ziren Gasteizera, baita gaueko momentu alaienak sortzera ere. Andres Collen marinba soloen soinua taldekideen txaloekin konpasatu zen, kiroldegi osoaren atseginerako. Haren aitak eskuz egindako castañuela ibicenca batzuen soinuarekin ere gozarazi zuen artistak publikoa, folk kutsu leunez. Une goxo eta emozionalen protagonista izan zen Martinez, entzuleei bere konposizioak azaltzen saiatu zenean.

Bestalde, Maria Schneider musika zuzendaria Osloko Jazz Ensemblea gidatzeaz arduratu zen. Bere konposizioekin osatutako errepertorio zeharo interesgarri eta erakargarria eskaini zuen, hemezortzi pertsonaz osatutako ensemble norvegiarra bideratuz. Haien artean, haize instrumentuek osatzen zuten gehiengoa: saxo, txirula, tronpeta, tronboi, tronpa, klarinete, fliskorno eta guzti. Taldea osatzeko, pianoa, kontrabaxua, bateria, gitarra eta akordeoia ere bazeuden.

Konposizioak gaurkotasuneko gaien ingurukoak dira. Don't Be Evil pieza, kasurako, Google eta Big Data konpainia erraldoiei eskainia dago. Aurrerago jo zuten Look Up piezak, berriz, entzuleei egiten zien aipamen zuzena, sakelakoak sakelan mantentzeko iradokiz; «Put your phones down and look up», Schneiderren hitzetan. Piezarik bikain eta mamitsuena CQ CQ Is Anybody There? izan zen, adimen artifizialaren inguruko hausnarketa musikala. Morse kodean eta komunikazio bitar zifratuan inspiratuta sortu zituen Schneiderrek taldeko instrumentuen atalak. Haien gainetik, saxofoi solo liluragarri batek irudikatu zuen gizakion ahotsa, jariakorragoa eta organikoagoa. Bestalde, tronpeta baten soloak adimen artifizialaren gaineko erantzun posible bat margotu zuen, hotza eta ikaragarria. Adimen natural eta txundigarria Schneiderrena!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.