D'Angelo and The Vanguard. 'Black Messiah'

Mesias beltzaren itzulera

2015eko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Diskoetxea: RCA.

Iragan urteko abenduaren amaieran IbonRg musikari eta lagunak Facebook bidez bidalitako mezu baten bitartez izan nuen D'Angelo musikari beltzaren berri; izan ere, 2014ko hondarretan argitaratu zen Black Messiah. Ibonek ondokoa bota zidan: «Aurtengo diskorik onena». Baieztapen hori irakurri eta gero, diskoa eskuratu eta entzuteari ekin nion: «Lehenengo kantua entzun dut, eta XXI. mendeko Marvin Gaye dirudi; soul puska itzela da», izan zen nire erantzuna. Halere, diskoak aurrera egin ahala, rhythm and blues ekoizpen garaikideen traza komertzialak hartu nizkion, baita hip hop grabazioenak ere; hortaz, alde batera utzi nuen, disko ona iruditu zitzaidan arren.

Hala, duela egun batzuk Espainiako Rockdelux musika aldizkariaren aurkibidea irakurtzen ari nintzela sarean, urtarrileko aleko «Hileko diskoa» izan dela jakin dut. Hori dela eta, diskoa berreskuratu eta atal honetara ekartzea erabaki dut, euskaldunak joera musikal berriei bizkarra emanda bizi garela esan ez dadin.

Hasteko, aitortu behar dut soul eta R&B estiloen zalea izan arren, batez ere 1950eko eta 1960ko urteetakoak, ez dudala kasik artista garaikiderik entzuten; beraz, ez dakit itsaso handiegian sartzen ari naizen.

D'Angelok 1995en argitaratu zuen bere lehen diskoa, Brown Sugar, eta handik bost urtera Voodoo. Magia beltza aipatzen duen izenburuko grabazio horretan, Untitled (How Does It Feel) bildu zuen, eta Paul Hunter zinemagileak bideoklipa ere egin. Bideoan gorputz-enbor biluziz ageri da musikaria, eta irudi horien ondorioz sex symbol bihurtu zen. Bideoklipak izandako oihartzunaren harira, torturatua bizi izan da musikaria (drogak, parrandak, atxiloketak…), eta hamabost urtetan ez du diskorik grabatu, Amy Winehouse hil zen arte: Questlovek (The Roots), hildako musikari ingelesaren eta D'Angeloren lagun minak, konbentzitu zuen alde iluna abandona zezan.

Bada, D'Angeloren norabide aldaketaren emaitza da Black Messiah. 1970eko hamarkada hasierako soul maisuen (Sly, Curtis…) esentzia gordetzen duen maisulan garaikidea da; izan ere, garai gorabeheratsu hartako kutsu politikoa ere erakusten du, azaletik hasita. Diskoa, baina, orainean iltzatua dago, eta ezinbestez aipatu behar da Prince jenio txikiaren itzala.

Horrela, diskoaren lehen zatian aldarrikapen politikoak eta sonoritate garaikideak nagusitzen dira; bigarren zatian, berriz, disko irekiago bat loratzen da: gitarra flamenkoekin apaindutako Realy Love edo jazz ukituekin jantzitako Betray My Heart. Halere, diskoaren gailurra amaieran dator, sei minutu iraun eta kutsu klasikoa haizatzen duen Another Life-rekin; D'Angeloren ahotsak eta taldeak Marvin Gayeren ahalmena barreiatzen dute, eta Baby Hueyk 1971n grabatutako Sam Cooken A Change is Going to Come kantua entzuterakoan sentitzen dudan katarsi bera antzeman dezaket. Infinitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.