Donostiako 77. Musika Hamabostaldia. KRITIKA

Miazkada amaigabea

Arkaitz Mendoza.
2016ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun

Carlos Menaren Andre Maria Kapera



Tenorra: Luis Vilamajo. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia Antzokia. Eguna: Abuztuak 22.

Ganbera musikari tarte ñimiño bat gorde dio aurtengo Musika Hamabostaldiak, geroz eta urriago eta baztertuago dagoen musika motari alegia. Gutxienez bi musikariren artean sortu daitekeen magian jaiotzen da arte mota hori, eta hain garrantzitsu eta merke izan beharko lukeen jarduera ezerezean uzten ari gara, ze pena! Carlos Mena kontratenorrak duela urte gutxi ekoiztutako Andre Maria Kaperak interpretazioetan hutsune bat ikusi du eta hor dabiltza Antzinako Musikaren lokatzetan eroso bustita. Kontratenor gasteiztarra entzutea gozamena da betiere; badakigu hitzaren eta musikaren arteko besarkada zintzoa eta leiala izango dela haren ahotsean. Ingelesak omendu zituen, Henry Purcell barrokotik, Ralph Vaughan Williams erromantikora, eta, amaitzeko, XX. mendean murgildua izan genuen Benjamin Brittenekin.

Errezital gogor bat ez pairatzeko, adiskide bat bilatu zuen ibilaldi honetarako: Lluis Vilamajo kataluniarra. Tenor horren ahotsak ez du Menaren distira eta garbitasunam baina elkarrekin kantatutako pieza txikietan bi ahotsek egokitasun eta soinu kolore baterakoi baten isla azaldu zuten, hain preziatua den ganbera musikaren irizpiderik funtsezkoari jaramon eginez: betiereko elkar entzuna. Tenorra rock eta pop kontzertuan hain ezaguna den hasierako kantariaren rola hartu zuen entzundakoa baloratu ondoren. Purcellen Crown the Altar edota Vaughan Williamsen The Vagabond intentzio osoz ahoskatu zituen, nahiz eta ahots hedapenean motz geratu esaldikapenen ibileran. Mena, berriz, dotore Purcellen An Evening Hymn musikan edota Brittenen Rendete agli occhi miei pasartean. Kantuaren laguntzaile lanetan, Menarentzat bereizezina den Carlos Garcia-Bernalt klabezina maisutasun handiz, eta Susana Garcia de Salazar pianista lanetan egokitasunetik ez zen atera. Mena grabe eta agudoetan liluragarri, goxoki baten azukre miazkada amaigabea izateko desioa piztuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.