Kritika

Mozarten arrakasta

Musika-Músicako 38 kontzertutan sarrerak agortu ziren. E. MORENO ESQUIBEL.
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Musika

'Musika-Música'

Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia.Egunak: martxoak 4,5 eta 6.

Harrera ona izan du Musika-Música jaialdiak, 30.800 entzule bildu baitira 66 kontzertuetan —haietatik 38tan sarrera guztiak saldu ziren—, krisiaren, inauterien eta eguraldi ederraren gainetik. Baina ona izan da kalitatearen aldetik ere, gu izan garen emanaldietan behintzat.

Jaialdiaren hasierako kontzertua, nola ez, etxekoek eman zuten. BOSek, Bilboko Koralak eta lau bakarlarik, hau da, Marta Ubietak, Itxaso Mentxakak, Mikeldi Atxalandabasok eta Jose Manuel Diazek, Mozarten K. 317ko Koroatzearen Meza-ren bertsio indartsua eskaini zuten, dinamikaz betea eta ondo bateratua Neulhold zuzendariaren eskutik. Beste aldetik, lan handia egin zuen Varsoviako Sinfonia Orkestrak hiru egunetan, baina ostiralean fresko-fresko hasi zen 40. Sinfonia eta Pianorako 22. Kontzertuarekin. Lehenengoan, Gogi Txitxinatze zuzendari nekaezinak adierazkortasuna atera zien egurrezkoen pasarteei, interpretazio klasikoaren barnean. Berriz, oso atsegina izan zen Jean-Claude Pennetier pianistaren kontzertua: Mozarten gozotasuna haizatu zuen, kadentzietan barne.

Varsovia Sinfonia beste hiru ekitalditan entzun genuen, aparteko bakarlariekin: Paquier eta Causse biolinista eta biola jotzailearekin. Biek ala biek afinazioa, fraseoa eta lagunarteko batasunarekin jo zuten Sinfonia Konzertantea K. 364a. Asko harritu gintuen Ranki pianistaren gaitasunak Pianorako 27. kontzertuan: digitazio indartsu baten jabe, oso mozartiarra zen haren musikaltasuna. Varsovia Sinfonia Orkestrak berak amaiera eman zion jaialdiari, Anne Queffelecekin eta Pianorako 21. kontzertu polit eta popularrarekin. Bakarlariak teknika handia azaldu zuen interpretazio erakargarrian. Ganberako emanaldien artean, aipatu nahi ditugu Olatz Saitua sopranoak eta Ainhoa Zubillaga mezzoak abestutako aria desberdinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.