Skasti. 'Maskarak'

Mozorrorik gabe

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2015eko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Skasti.

Itsasoak dakarrena izango da. Hiriburuak alboratuta, Zarautz da gure herrialdeko paraje emankorrena. Amets fabrika dute, eta musika faktoria. Kostako ertz batetik bestera doaz askotariko doinuak. Gogor, lehor, gazi, gozo zein suabe. Anestesia beteranoekin hasi eta Delorean modernoetara iritsi bitarte, luzea da malekoia. Itsasaldien joan-etorrian dabil Skasti banda gazte eta trebatua. Olatu berritzailea hartu ondoren, iritsi da Maskarak bigarren diskoa. Duela bi urte hasitako aro berria gehiago definitu dute. Izenean jarraitzen du ska aurrizkiak, baina oso bestelakoa da zarauztarren egungo musika proposamena. Mozorroa era naturalean jausi zaie.

Elkar Estudioa Sesioak saioan parte hartzeak askorako balio izan dio bederatzi musikariz osaturiko taldeari. Disko berriko abesti asko zuzeneko berezi horretan eskaini zituzten. Dirudienez, gustura geratu ziren banda eta Elkar argitaletxea. Gipuzkoarren aldeko apustu berezia egin dute. Euskaraz abesten duten talde gazteei horrelako aukerak eskaintzea pozgarria da, panorama ikusita. Babesa aprobetxatzea baino ez du Skasti taldeak. Horretarako, kantu bilduma dantzagarria osatu dute. Arina, alternatiboa eta bizitasun handikoa. Tronpeten iraultzatik urrun kokatzen da egun zarauztarren soinua, eta haize instrumentuen erabilera ezberdina lortu dute. Eskertzekoa da.

«Buelta eta buelta ideia berrien bila ibili» ondorengoa da emaitza. Arima ilunen postontzi hauskorra kantuak eranzten ditu mozorroak. Dance rock erritmoak berehalakoak dira, sintetizadoreen bidetik. Pop dosiak gora egiten du Arnasa lapurtuz indie ereserkian—bideoklipa aurkeztu berri dute— eta Ibiltzen ikasten lasaiagoan. Denboraren giltza izan zen aurrerapen kantua, aro berriaren osagai guztiak batzen dituena, ukitu latinoa eta ikastaro geografikoa barne. Haize sekzioak garrantzi berezia du Mesopotamia aretoa-n. Aldiz, astakeria izan daiteke Ta zer? kantuak M-ak gogora ekartzen duela. Rocka eta funkya lotsagabe uztartzen ditu. Salbuespena da. Ezustekoa gainditzeko topatuko ditugu diskoaren amaieran Sustraiak eta BNL pop ibiltariak.

Maskararik ez dago zein moderno bihurtu diren ezkutatzeko. Bi ahots osagarri, gitarren indie lanketa, gustu oneko bateria zein baxu oinarria, eta bereizgarri den haize sekzioa. Musikari edo ekilibrista asko izanagatik ere, oreka lortu dute. Belarrira erraz iristen diren abestiak dituzte, erakargarriak dira. Belako, Grises edo We Are Standard taldeekin dantzatzen dutenek badute beste bat festarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.