KRITIKA. Artea

Mundu berri baten isla

2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun

'Arcimboldo.Florak eta udaberria'

Artista: Giuseppe Arcimboldo.Non: Bilboko Arte Ederren Museoan. Noiz arte: Otsailaren 5era arte.

Momentu honetan, Tamayoren erakusketarekin batera, Biboko Arte Ederren Museoak historiako beste artista handi baten lanaren perspektiba berezi bat erakusten digu, Giuseppe Arcimboldo artista italiarrarena. Guztiz erakusketa ezberdina planteatzen da, ezinbestean, bataren eta bestearen artean 400 urteko tartea eta historia zabaltzen baita; batek bizirik dagoen artista baten azken urteotako lan jario bikaina erakusten du, eta besteak, berriz, historiak berreskuratu duen fantasiazko artista baten lana erakusten digu, askoz ere barnekoagoa den erakusketa baten bitartez, artistaren testuinguruan ardaztuz.

Giuseppe Arcimboldo artistaren (Milan, 1526-1593) lana gaur egun oso ezaguna egin da, etaikuslearen gehiengoarentzat jada ezagunak dira fruitu, intsektu edo loreen bitartez sortzen zituen fantasiaz bildutako erretratuak. Halere, bere garaian fama lortu zuen artista bat izan arren, XVI. mendeak eman zituen artista bikain eta berezienetako bat, mendeetan ahaztua izan zen 1936.urtean Nueva Yorkeko Arte Moderno Museoko zuzendari Alfred H. Barrek mugimendu surrealistaren aitzindari gisa aurkeztu zuen arte Fantastic Art. Dada Surrealism erakusketan.

Artista italiarraren inguruan erakusketa txiki bat planteatu dute. Dirudienez, munduan Arcimboldoren hogeita hamar bat pintura soilik kontserbatzen dira, eta horietatik Espainian hiru bakarrik daude. Bilboko museoak hiru lan horiek biltzea lortu du erakusketa honetarako: Udaberria (1563), jatorriz Madrilgo San Fernando Arte Ederren Akademian aurkitzen dena, eta Espainiako bilduma pribatu batean dauden Flora (1589) eta Flora meretrix (1590). Jatorrizko horiei izaera bereko Urtaroak serieko Udazkena eta Negua lanen kopia garaikideak gehitu zaizkie. Haiekin batera, artistarenbabesleak izan zirenen multzo bat ere aurkezten zaigu, Antonio Morok pintatutako Maximiliano II.a (Prado museoak utzia), artista beraren Filipe II.a pintura (Bilboko Arte Ederren museoko bildumakoa) eta Sanchez Coellok pintatutako Rudolfo II.a, Austriako enperadorea (1567) eta Ernesto Austriako artxidukea (1568) erretratuekin batera —Londresko Royal Collection Trustetik ekarriak azken hiru horiek—.

Erakusketan, Bilboko Arte Ederren Museoko bildumaren barruan diren lore izaerako bost lan ere barneratzen dira, Barthomeu Baro, Andries Danuels/Frans Francken, Jan Gossart, Abraham Mignon eta Juan de Orellanoren lanak. Haiez gain, eta erakusketa borobiltzeko, nire ustez Arcimboldoren lanari perspektiba interesgarriago bat gaineratzen dion garai hartako botanikako hainbat tratatu aurkezten dira. Haien bitartez, Milango artistak bere garaiko zientziaren inguruan zuen ezagutza eta jakin-mina adierazi nahi dira, bere lanaren irakurketaren ikuspuntu berri bat eraikiz.

Benetan ezinbestekoa iruditzen zait museoak artista italiarraren obrari eman dion ikuspuntua, kasu honetan, aurretik ipini zaion artista oniriko eta surrealistaren etiketa kendu eta benetan bere lanak gordetzen dituen ezaugarri zientifikoak azpimarratuz, benetan beharrezkoak artista honen lana eta garaia ulertzeko orduan. Horrela, egiaztatu da oinarri zientifikoa dutela bere lanetan erakusten diren lore, intsektu edo narrastiek (garai batean artistak asmatutakoak zirela pentsatzen zen), pertsonaia eta garai hartako gizartea definitzen duten ezaugarriak azaleratzen direlarik, ilustrazioaren barruan eman zen naturaren historiaren garapena edo mundu berrien aurkikuntzarekin.

Horrela, Arcimboldoren lanean edukiaren eta edukitzailearen arteko joko bat dago. Aurrekoan, mende bereko bi artistaren inguruko artikulu bat irakurri nuen, Jeronimo Bosch eta Arcimboldoren lanen azterketa bat egiten zuena. Lehenak edukia lantzen zuela azpimarratzen zuen, eta bigarrena, berriz, edukitzailean zentratzen zela. Egia esan, ez nago guztiz ados ideia horrekin, Arcimboldoren kasuan edukia eta edukitzailea gauza bera baitira; erabiltzen duen teknika bikain horren barruan gordetzen diren irudien bitartez garai hartako zientzia eta ezagutzaren bitartez altxatzen diren izakiak sortzen ditu, garai hartako eraberritzearen adierazgarri. Horrela, teknika bikain batez leunki sortzen diren elementuek benetan indartsua den osotasun bat sortzen dute, berriro ere, azalean erakusten den itxurazko bikaintasun hutsaletik harago benetan interesgarria den irakurketa bat gordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.