KRITIKA. Musika

Musikak berak dantza balu bezala

2023ko azaroaren 17a
00:00
Entzun

Jordi Savall & Le Concert des Nations

Egitaraua:Elementuak eta suminak (1717-1761): G. F. Haendelen Uretako Musika, HWV 348 1. suitea, C. W. Glucken Ballet Pantomima, Don Juan ou le festin de pierre eta J.-P. Rameauren Les Boréades.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroaren 14a.

Gutxi dira Antzinako zein Berpizkunde garaiko musikaren interpretazioan Jordi Savallek bezainbeste arrakasta, ospe, sari eta aitorpen lortu duten musikariak. Kontzertu eta grabaketez gain, proiektu pedagogikoak eta sozialak ere egiten ditu, hau da, musika gizartean errotzea —dagokion tokian kokatzea, alegia— helburu dutenak. Ez da harritzekoa, hortaz, bere babespean fundazio bat eta diskoetxe bat sortu izana. Bere kontzertuek ere badute halako aura berezia, pertsonak eta pertsonaiak bat egiten dutenean sortzen dena.

Atsedenaldirik gabeko emanaldia izan zen, baina horrek ez du esan nahi arnasa hartzeko unerik egon ez zenik; piezen arteko harilkatzea hain zen orekatua eta sen onekoa, ezen kontzertuak berak gorputz oso baten itxura hartu zuen. Hasieratik, Haendelen Uretako Musika ezagunean, obra guztiak zeharkatuko zituen norabidearen argitasuna, dinamiken menderatzea eta arintasuna agertu ziren. Savallek modu naturalean zabaldu zituen Haendelek garaiko Europatik hartutako estilo eta ezaugarriak; lehen mugimenduaren bizitasunean hariak guztiz doi eta oboea guztiz goxo. Azken hori izan zen, fagotarekin eta tronpekin batera, gaueko zirrararen eta liluraren arduradun nagusia.

Don Juanen elezaharrean gaur egun segituan deuseztatuko genituzkeen joerak eta jarrerak daude, eta, akaso horregatik, mendeetan zehar eragin dituen manifestazio artistiko askotarikoak arrotzak egin dakizkio askori. Gluckenak indarra eta sedukzioa batzen ditu balletaren egitura formalaren menpe. Aire gehiago sartzea espero bazitekeen ere, Savallen interpretazioak aurrera egiteko konpromisoa erakutsi zuen perkusioaren laguntzaz.

Jean-Philippe Rameauren Les Borèades tragedia musikalaren pasarte instrumentalek itxi zuten kontzertua, hariak brodatzen eta haizeak berriro ere zoragarri; nabarmenak izan ziren haizeen suite bortitza, flautak Gavotte pour les heures et les zephirs zatian eta harien trioa minuetan. Gustatuko litzaidake hurrengo batean musika honek behar duen mugimenduaz osatuta gozatu ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.