KRITIKA. Dantza

Neoklasikotik hurbil

Agus Perez.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun

'De profundis'



Konpainia: Illicite. Bideo sorkuntza: Frederic Lecoq, Julien Diris. Jantziak: Hrve Poeydomenge, Annegien Sneep, Douglas Lee, Fabio Lopez. Dantzariak: Alix Roulland, Cybele Danestoy, Idir Chatar, Lucas Schneider, Manon Bastardie, Raquel Morla, Tom Resseguier, Yannis Dunouau. Lekua: Viktoria Eugenia antzokia, Donostia. Eguna: Urtarrilak 24.

Egitarau zorrotz batekin etorri da Donostiara Baionako Illicite konpainia. Deigarria egin zait Euskal Herrian beste dantza konpainia handi bat daukagula jakitea —2015ean sortu zuen Fabio Lopezek— eta emanaldiak balio izan dit proiektu berri honek eman dezakeenaz jabetzeko.

Kontzesiorik gabeko proposamen zail batekin ireki du gaualdia Lopezek. Ezteiak izeneko piezak infernu bateko izakiak aurkezten dizkigu, eta lan horretatik jaso dugun lehen inpresioa argiaren gorritasuna izan da. Fokuek hamasei zutabe gorri sortu dituzte atzeko aldean, eta dantzariak odol eta su koloreko atmosfera horretan ibili dira, eredu patriarkaleko ezkontzaren paradigma auzitan jarriz, dantzaren bidezko bideetatik. Lehen pieza horrek ageriko esangura hartu du eta batzuetan sakoneko mezua begi-bistakoegia suertatu zaigu, baina dantzariek lehen momentutik erakutsi dituzte beren heziketa klasikoa eta gaitasun akrobatiko nabarmena, eta, Stravinskiren musika tormentatua tarteko, batzuetan opera abstraktu bat ikustearen sentsazioa eduki dugu.

Lehen etenaldi zinez luzea igarota etorri da bigarren lana —II. kuartetoa eta Nils Christeren koreografia horretan II. Mundu Gerraren osteko arimen egoera planteatu da, bina gizon eta emakumeren bidez. Emakumeak libreago ibili dira beren eboluzioetan, eta gizonak fisikotasun handiagoarekin. Batzuetan, besoekin irudikatu dituzte hegaztien hegoak —berriz ere begi-bistakoegia, ene irudiko— eta, beste batzuetan, Nacho Duatoren estiloko nesken hanka eta beso izoztu gogaikarri haiek etorri zaizkigu burura, etsipena eta esperantza irudikatu nahi izan dituen lan honetan.

Jarraian, Douglas Leeren Mask Duet etorri da, Vivaldiren Gloria in D maior-ean bilduta. Gimnastika artistiko itxurako bost minutuko duo horretan are nabarmenago geratu dira konpainiaren eta egitarauaren ezaugarri nagusiak: artifizioa nagusi koreografien diseinuan, dantzarien malgutasuna eta heziketa zorrotza, eta emozio ia bakarra estetikaren finezia izatea. Gauzak horrela, mugimendu-estudio hutsa iruditu zaigu, esku-programaren arabera, «ezkutatzearen eta maskaratzearen gai kontrastatuak erabiltzen dituen duoa».

Azkenik, Aura izeneko piezan —Fabio Lopez koreografo berriz ere—, itxura paregabea hartu dute gorputzek eta beren ekinaldiek, baina askoz interesgarriagoak egin zaizkigu laba urtua ziruditen atzeko irudi proiektatuak eta, bereziki, João Domingos Bompempo konpositore portugesaren partitura neoklasikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.