Musika
Lausanako Ganbera Orkestra
Zuzendaria eta piano jotzailea: Christian Zacharias. Egitaraua: M. Ravelen, W.A. Mozarten eta G. Bizeten lanak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma.Eguna: Otsailak 9.
Donostiar peto-petoa dugu dagoeneko Zacharias suitzarra. Ia urtero hurbiltzen zaigu musika izpi berri batekin, eta bihotz-bihotzez eskertu beharko genioke bere presentzia. Hamarkada luzea darama Lausanako bere orkestrarekin nazioarteko birak antolatzen eta kontzertu bakoitza dotoretasun erakustaldi bat da. Gaur egun entzun daitekeen orkestrarik freskoena dugu suitzarra, garbia, dotorea, arina, erraz gidatu eta moldatu daitekeena. Esaldikapen bakoitzean lanordu kantitate pila nabaritzen da eta ez da hau ñabardura makala gaur egun presaka burutzen diren musika egitarauak aztertuta.
Ravel, Mozart eta Bizet ildo beretik jorratu ziren, arintasunetik, dinamika purrustada bortitzetik eta jakituria zoragarritik. Hor genuen Zacharias bere piano maitean Mozarten deabrukeriak erraztasun itzelez gaindituz. Sonoritate baxuetan berezi azaldu zen, nahiz eta zabalera eta handitasun aparteko pasarteetan pedalaren erabilera berebizikoa ez izan. Hortaz, hasierako Allegro maestoso txatalean haize sendiaren adierazpenak txalogarriak izan ziren. Baina ez zen emanaldi osoa Zachariasen inguruan garatu; hor genuen Lausanako Ganbera Orkestran oboe bakarlari bat…
Urtetan entzun den oboe jotzailerik txundigarriena du Lausanako orkestrak, eta bere izena Beat Anderwert da. Nahiz eta beraien rola funtsezkoa izan entzute guztietan, orkestrakideen izenak ez dira esku-egitarauetan tamalez inoiz ere azaltzen. Ravelen Prélude atalean eta Bizeten Adagio-an gozatu zituen melodia xuxurlariak sekulako sentiberatasunez interpretatu zituen, edonor maitemindu dezakeen soinu gozo eta lirain bat mainatuz. Hariaren ezusteko agerraldiak bikain gozatu zituen Zachariasek berak eta honela ihardetsi nahi izan zien bere musikariei, kemen eta adore kutsakor batez zipriztinduta. Zacharias oparo bere ematean, Lausanako orkestra gogotsu eta adoretsu interpretatu beharreko nota guztietan eta paradisuko Anderwert oboe jotzailea liluragarri, ameslari eta hobezin!
Kritika
Oboearen igurtzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu