Artea. Kritika

Ospakizunaren itzalean

Haizea Barcenilla
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Artea

Eduardo Hurtado, 'Into the Last Celebration of Bravery'

Lekua: Arteko galeria (Donostia).

Noiz arte: apirilaren 9a arte.

Bravery: ausardia. Beldurrei aurre egitea, ezezagunaren bidean abiatzeko bultzada. Giza taldean leku esanguratsua ziurtatuko duen jokaera. Gizonek emakumeon aurrean erakutsi beharreko kapazitatea («lasai, Jane, nik salbatuko zaitut!»), rol bakoitzaren zeregina eta izana definitu, banatu eta mugatuko duena.

Celebration: ospakizuna. Alaitasunaren momentua. Zerbait ondo atera den unea gogoratzeko gogoa. Egutegiak markatzearen arrazoia. Zergati berdinengatik pozten direnak batzeko istant bat, zoriontasunak elkartzen dituenen komunitatea osatzeko. Askotan, bandera eta ereserkien itzaletan.

Edu Hurtadok Arteko galerian horixe bera proposatzen digu: ausardiaren azken ospakizuna. Festa baten koloreetatik aldentzen den aurkezpen minimalistaz —zuria eta beltza nagusi, zuria paretetan, beltza pieza guztietan—, oso alaia ez dirudien ospatzea dakar artistak. Banderatxo beltzen lerro mehe batek apaintzen du lehen aretoa, mugitzen ez diren forma geometriko bihurtuak oihal zatiak. Inguruan, ikerketaren zenbait pista: monumentu baten argazkia. Formazio megalitikoen irudiak. Luma beltzak. Lurrean, neolitikoaren eta xamanismoaren artean dagoen harrien zirkulu bat, beltzez margotuta. Esaldi batzuk: «La última caza». «Vuelos al puño». Bost gizonezkoren lehen planoko argazkiak, aurrera begira. Eta ingelesezko esaldi bat, hau dioena: «Garrantzitsuena ez da konkistatu izana, ondo borrokatu izana baizik».

Identitatearen eta rol banaketaren inguruan egiten du galde Edu Hurtadok, sexu bakoitzari egotzi ohi zaizkion ezaugarriak zalantzan jartzeko asmoarekin. Hortik, ausardia: gizonari dagokion, eta gizona zamatu dezakeen betebeharra. Gizarteak gizonen aldetik espero duen bultzada, naturaltzat hartuz, bederen. Baina zer gertatzen da ausardia horren ordez lumak baditu gizonak gustuko? Sentsibilitatea badu nagusi?

Piezok gizarteak ezartzen dituen errito saihetsezinei buruz egiten digute hitz: besteen gainetik gailentzearen beharraz, irabazle eta galtzaileen gizarte batean bizi garen horretan. Denok dakigu ez dela egia, ondo borrokatu izanak ezer gutxi balioko digula konkistara heltzen ez bagara, jomugara iristea lortzen ez badugu. Hortaz, beharbada, Edu Hurtadok bi aretoen artean dagoen bideoan amore ematen du. Mendi baten gainean ikusten dugu, bandera bat astinduz, gelditu gabe, errendizioa sekula iritsiko ez balitz bezala, mugimendu kasik gimnastiko bihurtuz. Baina bandera ez da zuria, beltza baizik.

Lehen aretoak koherentzia handia du, instalazio oso baten inpresioa emanez; piezak sinpleak dira, bai egikeran, bai materialetan. Ondo aukeratutako erraztasunari esker funtzionatzen dute. Ez du harritzen artistak komisario moduan lan egin izan duela jakiteak, giro berezi bat lortzen baitu espazio honetan. Bigarren espazioa, makala izan gabe, lehenaren bat-etortze eta osotasun apur bat galtzen du. Lehen aretoan pieza bakoitza bakana eta talde baten partaide da; bigarrenean, aldiz, ikerketa formalagoak, berekoiagoak ikusten dira.

Horien artean, Next-en jada ikusitako luma desberdinen bilduma, artistak banaka orrialdeetan marraztutakoak. Izan ere, luma eta kolore beltza dira bi gelen arteko lotura estilistiko zuzena. Luma: txoriek hegan egiteko beharrezkoa, askatasun horren sinonimo; dotoretasunaren erakusle, eta izaera maskulino ohikoa ez duten gizonei atxikitzen zaien espresioa. Beltza, sinpletasunaren izenean eta nolabaiteko malenkoniaz, grafismoarekin modu bitxian aurkitzen den presentzia.

Espazio honetan begirada eskultorikoagoa da nagusi, eta, formalki interesgarria izan daitekeen arren, lehen aretoko beste piezak baino hutsago dirudi. Areto honetako instalazio osoa berpiztu, eta ikuspegi berri bat gehitzen dion elementua xumea da: orrialde zehatz batetik irekitako liburua, Islandiako formazio geologikoak erakusten. Oineko testuak dio: «Islandiako leku askotan eskulturak diruditen arrokak sortu ditu naturak». Badirudi, ironiaz, naturaren alboan jarrita, bere porrota onartzen duela artistak, berriz ere gailentzea mespretxatuz.

Alde horretatik, badirudi piezak gogoangarriagoak direla estruktura berria sortzeari uko egiten dionean Hurtadok. Asko dira berreskuratutako irudiak, birkonbinatutako objektuak, marraztutako hitzak, eta horiek dute indarrik handiena. Munduak jada behar duguna eskaini, eta artistak horren ordenazio berria egin beharko balu legez. Betiere, gure gizartearen izaerak eta elkar bizitzak antolatzen dituzten erritu eta aurreiritziei aipu eginez, objektuek dakarten historia guztiaren bidez.

Last: azkena. Azkena beharko zukeen ospakizun honek; azkena, gizonen izaerei exijitzen zaien ausardi behartua; azken lehiaketa, azken ehiza, azken borroka. Bukaera ospatu beharko genukeenean, beltzak dira banderatxoak; azken ospakizuna izango ez dela ondo baitakigu denok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.