kritika. Gasteizko 46. Jazzaldia

Ostiraleko jazz eguzaria

Kandace Springs abeslari eta pianista, bere hirukotearekin. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ioritz Retana
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun

Liberica; Melissa





Aldana; eta Kandace Springs Trio

Lekua: Gasteizko Principal antzokia eta Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailaren 7a.

Liberica taldea hiru munduren batuketa da: Kataluniako herri abesti eta folklorearena, flamenkoarena eta jazzarena. Proiektua Manel Fortiaren eskutik dator, kontrabaxu jotzailea izateaz gain, konpositorea eta moldatzailea ere bada eta. Taldea abeslariek osatzen dute, batetik: Pere Martinezek (kantua) eta Eva Fernandezek (ahotsa eta saxofoia); eta musikariek, bestetik: Max Vilavecchiak (pianoa) eta Raphael Pannierrek (bateria). Principal antzokia Levanteko soinuz bete zuten, era askotako kanta herrikoiak joz: Erdi Aroko piezak zein XX. mendeko folka. Eszenaratze oso indartsua izan zuen La dama d'Aragó-k; izan ere, folka zuzenean gozatzekoa da.

Iluntzean, The Bad Plus taldea zen jotzekoa, haren free jazz nahasketa bereziarekin, baina, osasun larrialdi baten ondorioz, Europako bira bertan behera utzi behar izan dute. Espero dugu laster etorriko direla Euskal Herrira. Hala ere, haiek jo behar zuten unean, mirari bat gertatu zen Mendizorrotzan. Aaron Diehl newyorktarrak —asteazkenetik jaialdiko gauerdi musikatuak girotzen aritu denak— Melissa Aldana lagun eta auzokideari deitu zion taldea ordezkatzeko. Ordu gutxian, ozeanoa gurutzatu du Aldanak, Gasteizko Jazzaldian azaltzeko. Diehl bere hirukotearekin aritu da egun hauetan: Aaron Kimmel (kontrabaxua) eta David Wang (bateria) musikariekin, une zoragarriak eskainiz gauerdiro. Herenegun, ordea, haien emanaldia are gehiago zorroztu zuten, Aldana saxofonista gazte eta ospetsuaren hauspoaz. Nabarmena izan zen ondo ulertzen zutela elkar: kimika musikal gozagarria zuten. Aukeratutako piezak heterogeneoak izan ziren: Diehlen eta Aldanaren zenbait konposizio, batetik, eta askotariko jazz estandarrak, bestetik. Goraipatzeko modukoa da Thelonious Monken Four in One, saioa ixteko erabili zutena, pastelaren gerezia.

Pandemia garaiaz geroztik ez dugu izan Kandace Springs gurean, lau urte luzez aritu baita AEBetan, haren sorterrian. Antzematen zen ilusioz bueltatu dela, besteak beste, kaleratu ez diren abesti berriak oparitu zituelako. Kontatu zuenez, laster egongo dira eskuragarri. Bestalde, bere aurreko diskoetako abestiak eta jazz eta soul klasikoak jo zituen, pare bat interludio musikalekin; The Women Who Raised Me bere aurreko albumekoek distira berezia izan zuten. Hain zuzen, banda emakumeek osatzen dute, eta hori ezohikoa da oraindik ere. Camille Gainer aritu zen baterian, eta Caylen Bryant kontrabaxuan eta ahotsetan. Azken hori trebea da gazteleraz, eta aurkezpen ugari egin zituen, umorez eta gertuko. Killing Me Softly with His Song gazteleraz abestu zuen, gainera, errepika ospetsua Springsen esku utziz; dueto bikaina. Unerik sentimentalenak, ordea, aitari eskainitako konposizioa eta The First Time Ever I Saw Your Face-ren bertsioa izan ziren; bere ahots teknika bikainari atsekabea gehitu zitzaion. Saioa amaitu ondoren, entzuleen txaloek artista bueltatzeko eskatu zuten, eta Etta Jamesen At Last kanta ezaguna eman zuen, irrira itzuliz. Bete-beteko errepertorio borobila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.