KRITIKA. DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA. KOLONIAKO IRRATIKO ORKESTRA

Sekulako zurruta

Arkaitz Mendoza.
2007ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Denbora-pasa bikaina prestatu zuen KoloniakoIrratiko Orkestrak Musika Hamabostaldi honen azken txanpa ospatzeko. Umorea, irria, zalaparta, maitasuna, atsekabea eta poztasuna senti daitezke egitarau erromantiko honen bitartez. Bychkov zuzendaria olgetan ibili zen bere musikariei azken hatseraino nolanahiko sentsazioak erregutuz.

Orkestra ia wagneriarra doakio burura Straussi bere Till Eulenspiegel poema sinfonikoa idatzi zuenean. Beste poemekin alderatuta, laburrena da, baina horrek ez dio garrantzirik kentzen. Till mutiko gaztearen bihurrikeriak kontatzen dira bertan, pasadizoak elkar lotuz, isilune mordo bat agerian utziz. Bychkovek arin eta bizi sentiarazi zuen, arnasa hartzeko astirik gabe, tartean tronparen solo itzela jorratuz. Nahiz eta hotz interpretatu, kromatiko tankera duen esaldi orokorra saltoka, jauzi eroan kutsatu egin zen haize taldean barrena.

Hemezortzi urterekin Arthur Rubinstein piano lehiaketa handia irabazi ostean, sekulako sona lortu du Tchetuev gazteak. Hasierako hitzaldi borobila salbu, orokorrean kontzertuak ez du mami berezirik, une zitalen bat beharko luke guztiz entzuleria harrapatzeko.

Hala eta guztiz ere, sentsazioa guztiz aldatu zen, berriro ere eraman baininduen Tchetuev gazteak kontzertu honetara. Garbi, burugabekeriarik gabe, bakun eta aldi berean interesgarri interpretatu zuen. Allegro con fuoco pasarteko zortzidun zurruta korapilatsuak erraztasun ikaragarriz gailendu zituen. Obra honetan hain ohikoa den orkestra iskanbilatsua bere lekuan bikain mantendu zen, inon ere bakarlaria oztopatuz.

Antzerki lanetan zebilela bururatu zitzaion Alpeetako Sinfonia Strauss maisuari. Idatzitako beste artelanekin loturarik ez izatearen arrazoia da, guztiz bakarrik azaltzen baita egundoko obra hau Straussen produkzio lanetan. Bavariar mendikateetan igarotzen den egunsentia deskribatzen da bertan, gau batetik bestera iragaten diren hainbat une ezberdinak koloreztatuz.

Haize egurrak duen garrantzia sekulakoa da, baina gehiegitxo azalerazi zen Koloniako musikarien zereginetan, batez ere afinazio kontuetan. Guztiz oker ibili zen xirula obran zehar, txistukada itzelak iraitzi baitzituen. Une zitalak eta goriak beste pasarte leun eta lasaiekin tartekatzen dira, eta azken horiek izan ziren guztiz biribildu ez zirenak. Dinamika leun gozoa falta du orkestra honek, mezzofortetik gora eroso dabiltza, baina esparru honetatik beherako soinu geruzetan ez dira hain trebeak.

Zuzendaria: Semion Bytxkov Pianojolea: Igor Tchetuev Egitaraua: Richard Straussen Till Eulenspiegel eta Alpeetako Sinfonia eta Piotr Ilyich Txaikovskiren Pianorako 1.go kontzertua. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Irailak 3
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.