'Torrente 4'
Zuzendaria: Santiago Segura. Aktoreak: Santiago Segura, Maria Lapiedra, Yon Gonzalez.
Herrialdea: Espainia.
Iraupena: 93 minutu.
Saturnok nola, halaxe irentsi du Jose Luis Torrentek Santiago Segura. Orain dela hamahiru sortu zuen zuzendariak horren ospetsu egin den/duen pertsonaia. Orduz geroztik ia bereizezin bihurtu dira pertsona eta pertsonaia; txanpon beraren bi aldeak balira bezala agertu izan dira. Beste hainbat zinemagilek ez bezala, espainiarrak ez du ahalegin berezirik egin berak sortu duen itzal itsaskor horretatik aldentzeko; kontrakoa, behar izan duen guztietan alkandora koipetsua jantzi eta polizia ustel gisa agertu izan da.
Kontua da errepikatzearen errepikatzeaz formula aspaldian agortu zela, hasieran sarkastikoa izaten ahal zen hura parodia hutsa bihurtu da. Torrente/Segura sortu duen armiarma sare horretan harrapatuta gelditu da/dira, beharbada betiko. Hala, gaur egun arrazista, matxista eta nahi diren -ista guztiak izatea da pertsonaiari/zuzendariari gelditzen zaion baliabide bakarra.
Taberna giroko txistekeria eta kontu eskatologikoak dira filmaren oinarri ia bakarra. Horrekin batera, sailaren laugarrenak duen berrikuntza nagusia telebistak famatu bihurtu dituen hainbaten desfilea izatea filma. Ospetsu, futbolari zein zuzendariaren hainbat lagunen agerpena da eskaintzeko dagoen pizgarri bakarra. Pantaila handia inoiz baino txikiagoa bihurtuko da.
Nolanahi ere, argi dago horrek guztiak ongi funtzionatzen segitzen duela. Txarteldegiko datuei edo aretoan entzuten ahal diren barre ia etengabeei erreparatuta, ez dago dudarik. Zirkuak bere publikoa behar du, eta kasu honetan egon badago; zenbat eta matxistagoa, zenbat eta arrazistagoa, zenbat eta oinarrizkoagoa izan Torrentek egiten edo esaten duena, orduan eta ozenagoak dira algarak.
Zer pentsa ematen du
Filmak pantailan eskaintzen duenaz harago, izaten duen erantzunagatik ematen du zer pentsa. Denboraren tunelean sartuta bagina bezala, garai bateko Espainiako zinemaren alderdirik zakarrenaren erreplika hutsa bihurtu da Torrente saila. Ez da inolako kritika izpirik, mundu horren osagai ezinbestekoa da pelikula, eta nonbait ikusleak hori guztia eskertzen dio.
Moralki, politikoki eta etikoki okaztagarria izanagatik, torrentekeria saio batek zer pentsa ematen du, gurasoek seme-alabaren bide okerraz «horren gaizki egin al genuen dena?» elkarri galdetzen diotenean bezala. Afera ez baita alboko herrialdekoek duten arazoa, zintzoak izanik jakin baitakigu hori guztia ere oso gurea dela eta kolonizazio kulturalaren ondorioz Torrente/Segura gure heroietako bat bihurtu dela.
Kritika. Zinema
Torrente gurea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu