Zinema
'Tron: Legacy'
Zuzendaria: Joseph Kosinski. Aktoreak:Jeff Bridges, Garrett Hedlund eta Olivia Wilde. Herrialdea: AEB. Iraupena: 127 minutu.
Oso tristea da, baina begiak itxita agertzen zaidan lehen irudia Espainiako laranja bizidun bat da, baloi bat eskuetan duena. Urrun gelditzen da urte hori, eta begiak ireki eta orduko gertaerak Googleren memoria objektiboan irakurrita are urrunagokoak dira kontuok.
Urte hartan estreinatu zen Tron, eta haren alegiazko munduak ezin izan zuen garaitu Spielberg bizargabe batek asmatu zuen beste mundu bateko izakia. Ellioten lagun itsusia jaun eta jabe izan zen mundu osoan, Kevin Flynnen arazoak bigarren maila batean utziz.
Gerora kultukoa bihurtu badute ere, ez zen aparteko filma Steven Lisbergeren hura, baina eredu berri bat aurreikusten asmatu zuen. Agertoki birtualekin egindako filmetan lehenetarikoa izan zen —badaezpada ere, beti aterako baita norbait esanez lehena beste hura izan zela—. Disneyren apustu ausarta izan zen, ekonomikoki gaizki atera zena.
Urteek ematen duten distantzia mitologia berria sortzeko ezin hobeak dira, eta hala gertatu zen honetan ere. 80ko hamarkada gurtzera jo izan dute azken urteotan zahartu nahi ez duten Peter Pan askok, eta zaku horren barruan Tron-en estetika futurista Thriller-en parean agertzen da. Dena den, ukaezina da filmak arrastoa utzi zuela, ez preseski istorio kaskarragatik, garaian zabaldu zuen bide berritzaileagatik baizik.
Tron-en agintaldia ofiziala iaz amaitu zen. James Cameronek beste film kaskartxo bat egin eta, Lisbergerena ez bezala, diru mordo bat poltsikoratu zuen. Avatar zuen izena eta horrek ere teknikarik berrienak zituen, munduari erakusteko, narrazioaren oinarrien kalterako. Nolabait, Cameronena Tron-en alaba zen, 1982an oso modu eskematikoan irudikatutako mundu hotz hori, XXI. mendeko baliabideekin egina.
Diotenez, 2010ean gaude, ia 2011n, baina nonbait Disney etxean ez dira horretaz ohartu. Are okerragoa: ziur aski haiek ohartu bai, baina uste dute beren filma ikusiko dutenak ez direla jabetu. Tron zaharra hartu eta mozorro berri batekin jantzita moderno-moderno aurkeztu nahi izan dute: motorra lasterketa, disko jaurtiketa, bideo joko areto iluna...
Denbora igaro izan ez balitz bezala, jatorrizko Tron horri, Legacy itsatsi eta lixto. 1982an bagina bezala. Horregatik, orain dela 28 urteko film baten kritika egin behar izan dut.
Kritika
Urtearekin tronpatu naiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu